Sentsazio gazi-gozoa
Nagore Claramunt; arraunlaria
Denboraldiko astebururik inportanteena genuen aurretik. Negu osoa bi egun horietan ahalik eta hoberen aritzeko lanean ibili gara buru-belarri. Astean sei egunetan entrenatzen, arratsaldero. Eguzkiaren argiarekin sartzen ginen entrenatzera eta, ilunpetan, buelta etxera: nekea, gosea, askotan dutxatu gabe, hurrengo goizeko seiak azkar iritsiko direla pentsatuz…
Hala ere, tinko aritu gara, hobetu behar genuelakoan, aurten urte polita izango zelakoan; elkarrekin dugun ametsagatik batera lanean arituz. Gure aurtengo denboraldiaren etorkizuna erabakiko zuen asteburua iritsi zen; bi estropada, besterik ez, eta poztu edo negarra egiteko momentua gertu genuen.
Larunbata, Orio, lehenengo jardunaldia. Euskotren Ligan sartzeko lehenengo erronka. Beroa, jendetza, egundoko montajia: telebista erraldoia, musika, TKE-ko taldeak… ‘Gu gurera’ errepikatu dugu behin eta berriz; ‘bai, bai, gu gurera’ (azkenaldian ekipoko esaldia bihurtu zaigu). Nahiz eta ‘gurera’ konzentratzen saiatu, urduritasunak eta espero ez genuen presioak gainditu gintuzten. Gainera, hanketako tosta batek lehenengo paladan alde egiteak, eta ibilbidea ongi hartu ez izanak ere ez zigun lagundu.
Gure eskura zeuden taldeak aurretik iritsi ziren, segundo dezentera. Triste, etsita, begirada behera, isiltasuna, negarrak… Gure ametsa urrundu zitzaigun… Ez ginen lagunak bezala hizketan geratu. Talde bat izateaz gain, lagunak ere bagara, eta entrenamendu eta estropaden ondoren, kontu kontari gera gaitezke denbora luzez; hori bai polita!!! Ia agurtu gabe, autoetan banatu, eta etxera bueltatu ginen. WhatsApp-eko taldea isilik, tristura, amorrua, pena… nabaria zen.
Igandea, Donostia, gure etxea. Gogotsu iritsi ginen. Genuen pena, amorrua, gure ametsa lortzeko gogoa, eta, batez ere, balio duguna erakusteko momentua iritsi zen. ‘Badakizue egiten’ esan ziguten, ‘entrenamenduetan bezala arraunean egin, sinestu’.
«Donostia Arraun Lagunak, 10 segundo… 5, 4, 3, 2, 1…. Ba!». Indartsu atera ginen. Leku zoragarrienean arraunean ari ginen: Santa Klara irla, eskubian; kolorez beteriko Aquariuma, ezkerrean; Kontxa, gure aurrean; eta, atzean, ziabogako baliza.
Irten ginen, sentsazioa hasieratik polita izan zen benetan. Sentimendu gazi-gozoa: larunbateko emaitzagatik, pena; Donostian arraunean aritzeagatik, poza. Ziabogatik bueltan ginen, metro batzuk genituen oraindik aurretik: «Arrastra, arrastra, arrastra… eta orain salta, salta salta!», patroiaren hitz horiekin hiru olatu polit hartu genituen. Helmugara hegan eramango gintuzten hiru olatuak, traineru bat aurreratzeko lagunduko gintuztenak… Bukatu zen; bai estropada, baita Euskotren Ligara eramango gintuen txartela ere.
Arrapalara iritsi ginen. Bat-batean kolore zuria zen nagusi: txaloak, animoak, bonboa, irribarreak, familiak, lagunak… «Oso ongi, neskak», entzuten genuen leku guztietatik. Gu, bitartean, traineruan, pena-poza adierazten zuen irribarrea bota genuen, malkoak, dena esaten zuten begiradak…
Ametsa ez genuen lortu, ez, baina hemendik aurrera beste zeregin bat dugu buruan. Taldeak badaki, eta hori lortzeko orain arte aritu garen bezala arituko gara; ez dugu etsiko, Arraun Lagunakek ez du inoiz etsitzen!
Mila esker bihotzez egunero ezerren truke laguntzera etortzen zaretenei; estropadetara animatzera etortzen diren senitarteko eta lagunei; babesleei; klubari, aukera hau emateagatik; eta, batez ere, zuei, bi entrenatzaileei, irakatsi diguzuen guztiagatik. Igandeko emaitza ez da bakarrik arraunlariena, denona da, denok bat garelako, eta talde lanean elkarrekin aritzen garelako!
1, 2, 3 Arraun!!!