Nerea Chocarro: 'Ezin dugu gehiago eskatu!'
Nerea Chocarro, Arraun Lagunekeko arraunlaria.
Arraunean ez bada, zaila da bizi ditugunak bizi eta sentitzea.
2014an gure taldea sortu zenetik gaur arte, gorabehera asko izan ditugu. Duela hiru urte Gipuzkoako ligan laugarren postua lortu genuen; urtebete beranduago gure lehenengo bandera irabazi genuen; iaz, Euskotren ligan sartu ginen, eta Kontxan Ohorezko Txandan sartzea lortu genuen. Urteak ziren donostiar traineru bat Ohorezko Txandan ikusten ez genuela. Eta aurten? Aurten Euskotren ligako hirugarren postuari eusten ari gara, eta larunbatean Ondarroako bandera Donostiara ekarri genuen! Goi mailako ligan hori lortzea ametsetan bakarrik ikusten genuen, eta, gainera, gure hiriko jaietako txupinazoaren egunean. Ezin dugu gehiago eskatu! Pausoz pauso, estropadaz estropada, gozatuz goaz aurrera, gure lemari eutsiz: “ilusioa”. Aurtengo denboraldia bukatzen ari da, eta badatoz Kontxako estropadak. Donostiar gisa harrotasunez lehiatzen dugu gure hirian, etxean, gehien gustatzen zaigun hori egiten. Hori bai, penarekin, berriz ere Kontxako sailkatze estropada jokatu behar izateagatik. Gure hiria ordezkatzea gustatuko litzaiguke, baina aurten ere lehian ibili beharko gara, kanpoko taldeen modura, Kontxan parte hartu ahal izateko. Gutxi gelditzen bada ere, gure onena ematen jarraituko dugu ondokoarengan sinistuz, eta talde gisa, pausoz pauso denboraldia biribiltzen. 1, 2, 3 ARRAUN!