Telmo Yurramendi, arraunlaria.
Ezin izan dugu. Datorren urtean berriz ere KAE1 ligan arituko da Donostiarrako lehen ontzia. Ez gara Ondarroa eta Ares bezala moldatu lehendabizi Bermeoko itsaso zakarrarekin, eta gero Portugaleten Ibaizabalen itsasadarreko haizearekin. Zaleen animoak eta ilusioa lagun izan ditugu, baina hala ere, kale.
Argi zegoen zein zen Ondarroako koadrilaren maila. Izan ere, aurten bi estropada izan ezik, ligako beste bandera guztiak irabazi dituzte (Donostiako banderak, abentura tarteko, Getarian bukatu zuen eta Santurtzikoa, guk irabazi genuen), eta liga bera ere etxera eraman dute. Hori horrela, moralez eta konfiantzaz gainezka joan ziren igoera kanporaketetara, bai taldea eta baita herria bera ere. Eta beren buruarekiko konfiantza hori ederki irabazia zutela erakutsi zuten uretan, beste bi estropada irabaziz.
Areseko taldeari buruz, ezer gutxi genekien. Geneukan erreferentzia bakarretakoa eta azkena, Kontxako sailkapen estropada hartakoa zen, eta Ondarroatik 16 segundora gelditu zen (bi taldeen tartean Portugalete, Zumaia eta Getaria sartu ziren). Bagenekien talde gazte eta arina, baina, urte askoan batera arraun egindakoa zela, itsasoan abilak zirela eta Galiziako Liga azken estropadetan irabazi zutela. Baina hala ere, benetan guk ikusitako ezer gutxi. Eta larunbatean Bermeon Ondarroa bezalako talde bat estu hartu zuten, bigarren eginez eta guri astindua emanez. Igandean, berriz, Portugaleten, tarte txikiagatik, baina, gure aurretik. Merezita irabazi dute TKE ligan aritzeko txartela.
Portugalete, berriz, behera. Taldea uda osoan zehar azken postu horretatik ihesean ibili da, eta moralki ez da gozoa horrela ibiltzea. Iaz ere, antzeko ibili ziren, baina aurreko hartan, mantendu egin ziren. Aurten, aldiz, ligaz jaitsi dira eta horri klubaren arazo ekonomikoak gehituta etorkizun beltza daukatela dirudi.
Gure buruari buruz, asko esan eta idatzi da. Liga hasiera zaila izan genuen, entrenatzailea eta arraun egiteko era aldatuta. Emaitzak pixkanaka agertzen joan ziren, bandera bat tarteko, eta azkenean bigarren izan ginen ligan, Getariako Esperantzari lehia gogorra irabaziz. Gure mailan, baina, Kontxa txukuna egin dugula uste dugu, bigarren jardunaldian Tiranetik segundo eskasera iritsiz. Eta horrek kanporaketaren erronkari gogoz erantzuteko indarra eman zigun. Aste benetan txukuna egin genuen, baina asteburuan gehiago izan ziren bi talde genituen aurkari. Ez da gutxi, baina ez da nahikoa izan.
Orain, ongi merezitako oporrak ditugu zain, burua garbitu, kiloren bat edo beste irabazi eta hurrengo denboraldia indarberritua hasteko. Badakigu zein den helburua, eta horretarako egingo dugu lan, Donostiarra arraunaren lehen mailara igotzeko.