Zinema kritika: 'Predator'
Filma: Predator
Zuzendaria: Shane Black
Urtea: 2018
Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak
–The Expendables predatzailearen aurka–
Aurreko mendeko 80ko hamarkadan Hollywoodetik zetozen filmek asko esplotatu zuten ikuskizunaren alderdia, inolako konplexurik gabe. Komedia lotsagabeak, efektu berezi berrituen zientzia-fikziozko filmak, beldurrezko labealdi berri bat, akziodun filmak, eta beste asko eta asko, garai horretan haurrak ginenentzako film mitikoak bihurtu zirenak. Gauzak horrela, 1987an espazio urrunetik munstro berri bat iritsi zitzaigun, Alien estralurtarraren ildotik sortua, eta urte horietako testosteronaz beteriko filme batean sartu zuten.
Testosterona, edo giharreak aipatzen baditugu 80ko hamarkadan, Arnold Schwarzenegger berehala datorkigu burura, eta filmaren izena, noski, Predator (John McTiernan, 1987) da. Filmak izan zuen arrakasta ikusita, ekoizleek meatzea ustiatu zuten, eta urteetan zehar, jarraipenak egin dituzte (Predator 2 1990an eta Predators 2010ean), beste frankizia ospetsu batekin gurutzatzea ahaztu gabe (Alien vs. Predator 2004an eta Alien vs. Predator: Requiem 2007an).
2014ra iristen ginen, eta frankiziaren estudioak, 20th Century Foxek, film berri bat egingo zuela iragarri zuen, Shane Black zuzendari eta gidoilariak gidatutakoa. Blackek bigarren mailako pertsonai bat antzezten zuen jatorrizko filmean (harrapariak hiltzen zuen lehenengoa zen) eta Hollywooden izen handiko gidoilaria da gaur egun (besteak beste Lethal Weapon, Last Action Hero, Iron Man 3 edo The Nice Guys idatzi ditu, azken hau zuzenduz ere bai). Estreinatu berri den The Predator filmak frankizia eraberritzea izan du helburu, bide berri bat ireki nahian. Protagonisten artean zineman ezezagunak diren aktoreak ditugu (nahiz eta telesail batzuengatik ezagunak diren), eta horien artean, Boyd Holbrook eta Olivia Munn azpimarratu ditzakegu.
Oraingo honetan istorioak jatorrizkoaren osagai batzuk mantentzen ditu, hasieran entzuten dugun musikaren nota ezagunek aurkeztuta (Alan Silvestrik 1987an egindako partiturari omenalditxoa beti agertu behar da, zaleen gozamenerako). Argiena arraza anitzeko soldadu edo mertzenario talde batek estralurtarrari aurre egin beharko diola (emakume bat ere taldean sartuta, oraingoan zientzialaria), eta beraien artean sortutako harreman estua eta konplizitatea, ustezko une barregarriak eta txisteak behin eta berriz errepikatuz.
Baina argumentuak norabide aldaketa batzuk dakartza, protagonistaren haur autista (Schwarzeneggerek 1987an erakutsitako harrizko irudia bigundu behar), eboluzionatuago den predatzaile berri bat, harekin txakur estralurtarrak ekarri dituena (jatorrizko rastak ahaztu gabe, noski), edo aurreko filmetan gertaturikoa ezagutzen duen gobernuarentzako lan egiten duen taldea aurkeztuz (Alien vs. Predator gurutzaketak ezik). Ez dugu aipatu, baina jatorrizkoan bezala, The Predator filman akzioa, leherketak eta tiroak etengabe ikusi eta entzuten ditugu, baina gaur egungo estetikari jarraiki, dena gehiagotzen da eta ikuslea zorabiozko muntaketa batean murgiltzen du Shane Black zuzendariak. Eta nahiz eta gidoiak ere batzuetan zulo nabarmenak izan, “show must go on”. Ez dugu ahaztu behar krispeta-zinemaz ari garela.
Azkenaldian, 80ko hamarkadako film eta pertsonai ospetsu askok aukera berriak izan dituzte pantaila handian, eta hasiera berriak ere eman dizkiete hainbat filmetan, ikuslego berriaren eskaerei jarraituz. Edo hori da saldu digutena. Dagoeneko predatzaileak bere reboot delakoa badauka eta dirudienez, ez da azkenekoa izango. Shane Blackek sare sozialetan iragarri du filmak (eta pertsonaiek, bizirik gelditu direnak behintzat) jarraipena izango dutela. Egia esateko, The Predator filmaren bukaera ikusita, ez da ustekabezko albistea.