Zinemaldia... euskaraz?
Joan den irailaren 1ean iragarri zuen Donostiako Zinemaldiak, historian lehenbizikoz, Sail Ofizialeko Kursaaleko emanaldiek euskarazko azpidatziak izango dituztela. Urte dezente igaro dira Donostiako Bagera Euskaltzale Elkartea eta Euskal Herri osoko euskalgintza, oro har, euskarak nazioarteko ekitaldi honetan duen presentzia eskasa salatzen hasi zirenetik. Iaz bertan, Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldiaren aurrean, plataformatik elkarretaratzea antolatu genuen, Espainiako eta Euskal Herriko agintari gorenak bertan zeudela probestuz, eta Zinemaldian, zinemetan, telebistan, zein streaming plataformetan euskaldunok jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko eskatuz, Pantailak Euskaraz, gure eskubidea! lelopean.
Ordutik hona, hainbat mugimendu egon dira bulegoetan ere, eta azkenean, euskaldunoi Zinemaldiko atalik garrantzitsuena gure hizkuntzan jarraitzeko eskubidea aitortu zaigu. Aurrerapauso handia eman du Zinemaldiak, eta eskertzekoa da hori. Alabaina, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna oraindik urruti dago: lehiaketa ofizialetik kanpoko sailetan film gutxi ikusi ahalko dira euskaraz azpidatzita: jatorriz euskarazkoak diren lau film soilik estreinatuko dira; eta haurrentzako atalean eskainiko dituztenak zinemetan euskaraz bikoiztuta jadanik ikusi ahal izan ditugun edukiak dira. Espero dugu hemendik aurrera aldaketa gehiago iristea, euskaldunon hizkuntza eskubideak erabat bermatu arte.
Azken bi urteotan agerian geratu da euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen bazterketa egoera salatu eta gaia eztabaida sozial eta politikoaren erdigunera ekartzeak erakundeak norabide egokian mugiarazi ditzakeela: Estatuko Ikus-entzunezkoen Legearekin zirrikitu txiki bat irekitzea lortu genuen, eta plataformak euskarazko edukiak eskaintzen hasi dira gutxinaka (jadanik 133 eduki daude euskaraz Netflixen, eta 122 Prime Videon); Primeran streaming plataforma berria, eduki ia guztiak euskaraz ala euskaraz azpidatzita eskaintzen dituena, martxan jarri dute irailaren 15ean; Zinemaldiak aurrerapauso nabarmena eman du euskarazko eskaintzari dagokionez…
Hurrengo erronkak, Euskal Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren Legeak onartzea da, euskarazko ekoizpenera eta bikoizketara bideraturiko baliabideak biderkatu, zinemetan hizkuntza kuotak ezarri, eta EITBn euskara lehenesteko arau eta irizpideak ezartzeko. Guztion artean bultzatuz, Pantailak Euskaraz lortuko ditugu!