Zirkulazioa eta aparkalekuak Donostian: txanponaren bi aldeak
Donostian, 2021ean, 107.243 auto eta 26.396 moto zeuden erregistratuta. Cortazarrek diseinatu zuen zabalguneak ez du balio hainbeste autorentzat. Arazo latz honi aurre egiteko, Isuri Gutxiko Eremua (IGE) aurtengo abenduan ezarriko da, 2024-2029 Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) bitartez.
Erdian Bizi elkarteak hainbat proposamen egin ditu gai honen inguruan, horien artean aparkalekuei buruzkoak. Kontuan hartu behar da datozen bost urtetarako mugikortasun planaren txostenaren lehen taularen arabera, erdialdean dauden bost aparkalekuek urtean 1.793.452 auto mugimendu sortzen dituztela. Eta kopuru hori ikaragarria izanik ere, udalak San Bartolomeko muinoaren azpian errotazioko 200 plaza izango lituzkeen aparkalekua egin nahi du merkataritza gune berri baten onurarako. Kalkuluen arabera, horrek 150.000 auto mugimendu gehiago sortuko lituzke.
Zirkulazioaren harira, deigarria da mugikortasun planaren txostenean atal espezifiko bat agertzea, Easo kalean zirkulazioa gutxitzea aurreikusten duena. Era berean, San Bartolomeko aparkalekua ez du aipatzen, argi dagoenean aparkalekuak zirkulazioaren nahaste-borrastea sortuko duela.
Etsipenez ikusten dugu hurrengo bosturtekorako mugikortasun planari adjudikatutako aurrekontu osotik, disuasio aparkalekuetara 100.000 euro bideratzea.
Donostia hiri osasuntsuagoa izan dadin, funtsezko erabakiak hartu behar direla uste dugu Erdian Bizi elkarteko kideok. Batetik, Erdialdeko aparkalekuak eraldatzea, gehienbat egoiliarrek, merkatariek eta inguruan lanean dihardutenek erabil ditzaten. Bestetik, doako disuasio aparkalekuak eraikitzea, hiriko puntu neuralgikoekin konektatuta. Azken puntuari dagokionez, gure agintariak nahiko alfertuta dabiltza. 2008-2024 urte bitarteko mugikortasun planak disuasio aparkalekuak proposatzen zituen, besteak beste, Martutenen, Loiolako Erriberan eta Marrutxipin. Horrekin batera, trenbide geltokiekin loturikoak aipatzen zituen. Non gelditu dira asmo horiek?
Disuasio aparkalekuen alde gaudenok, etsipenez ikusten dugu hurrengo bosturtekorako mugikortasun planari adjudikatutako aurrekontu osotik —93 milioi euro—, disuasio aparkalekuetara 100.000 euro bideratzea. Zehazki, kudeaketa eta informazio sistema abian jartzeko. Beraz, ez dirudi presarik dagoenik, eta oraingoz dena paperean besterik ez dago. Donostiarrok Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak aintzat hartu beharko ditugu: «Aurrean papera ta atzian papera, periodikua leitzen ilustratzen gera».