Zoramen hauek maite ditugu...
Negu girokoak ditugu donostiarrok festarik kuttunenak. Santu egutegiari tiraka inauteriak bitarte luzatzen dugu festa, euri, denborale edo ziklogenesiari ixkin eginez. Garai bateko datarekin bat eginez, Kandelaria egunez aterako dira Inauteri iragarle diren kaldereroak Parte Zaharrera zein auzoetara, giro goibela argitzera.
Txikitatik gogoko dut biharko festa. Lagunekin atera ohi ginen, hamar-hamabi urte eskas genituela. Gauazko festa zen orduan ere. Makillatuta, loredun gona, izeben apaingarri sortak diz-diz lepoan, eta gurasoengandik urrun, Ijentea kaletik sartzen ginen lagun koadrila anai-arreba txikiagoekin batera konpartsan. Plazan egoten ziren gurasoak gu noiz bertaratuko zai. Helduen festan parte hartzea gauza handia zen. Gure ama ere nerabezaroan ibilia zen Gaztelubidek antolatzen zuen kaldereroen konpartsan. Frankismo betean, inauteriak debekatuak ziren garaian, kaldereroek kolore eta kantu jostariz alaitzen zituzten Parte Zaharreko kaleak.
XIX. mendetik omen datozkigu kaldereroen oihartzunak. Euskal Herriko beste inauteri batzuetan ere ertzetatik erdigunerako bidea egiten du halakoetan ijitoaren figurak, inauteriaren logikari jarraikiz, baztertua plazara ekarriaz. Hungariatik egiten dute urtero hutsik egin gabe Donostiarako bidea kaldereroek, Zuberoa osoa zeharkatzen dute neguak iraun bitartean kauterek eta bühamiek maskaradan, herriz herri. Eta inauterietan usu gertatu moduan, gizarte kezkak plazaratu eta eztabaidak hauspotzen dira. Baina baita bizikidetzarako urratsak egin ere.
Jaiak gizartearen isla diren heinean, gizartearen marra gorriak uzten dituzte agerian. Hamabosgarrenez ibiliko gara bihar Parte Zaharreko kaleetan Kalderero konpartsako neska-mutil eta gizon-emakumeok, kantuz eta zartagia jotzen. Jaia guztiona eta guztiontzat dela gogoraraziz. Tradizioak iraungo badu, garaian garaiko gizartearen antolaketa eta balioetara moldatzeko gai izan behar duela praktikan gogoraraziz. Aurten Kaldereroen erregina apartak ditugu: Hondarribiko Alarde mixtoko Jaizkibel konpainiako kideak izango ditugu alboan, gidari. Gizarte parekidea egikaritze bidean, lan eta arduren banaketa bezain garrantzitsuak baitira emakumeok espazio sinbolikoa gureganatzea eta aisia partekatzea. Festa da oraindik ere gure gizartean horren erakuslerik gorenetakoa. Alabaina, aldaketarako erresistentzia gordinak ageriko uzten duen moduan, gizartea eraldatzeko abagune ere badira, eginkizun horretan botereguneak birdefinituz. Biharkoan, berriro ere gaua gure eginez, kaleak beteko ditugu kantuz eta algaraz.