Zorionak!
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Demagun, Aste Nagusiko gau arraro horietako batean, koadrilakoak tabernetan utzi eta neska batekin gauaren iluntasunean galdu egiten naizela. Hitz egiten hasterakoan, ea noiz jaio nintzen galdetzean egia esaten diodala, 1985eko otsailaren 7a. Neska parrez hasten dela eta ezinezkoa dela esaten didala. «Ezin liteke egia izan», begi urdineko neskaren erantzuna. Nortasun agiria atera beharra konfirmatzeko eta orduan berak berea esan. 1985eko otsailaren 7a. Orain, demagun egun hori 2006ko abuztuaren 20a dela, eta aurretik aipatutako guztia egia dela.
Bada bai. Sinestea zaila da, baina nire ondoan egunero esnatzen den neska, nire egun berean jaio zen. Beno barkatu, ni jaio nintzen bere egun berean, zazpi ordu lehenago jaio baitzen gutxi gorabehera. Lau urte hauetan askotan pentsatu dut une horretan. Imajinatzen dut nola elkar ezagutu genuen lehenengo aldiz. Amaren sabeletik atera eta medikuak ipurdian zaplada eman ostean. negarrez sartu nintzen beste umeak zeuden gela berean. Bere inkubagailuaren ondoan zegoen nirea eta ni hor negar malkotan. Azkar baten sikatu nituen malkoak gizon itxura eman nahian. Orduan ohartu nintzen nire ondoko inkubagailukoaren itxuran. Parrez zegoela oroitzen dut eta bere inkubagailuan zegoen papera irakurtzera joan nintzen. Estitxu jartzen zuen eta behean 4,4 kg. Egun horretako hurrengo kontuak ez dizkizuet azalduko intimitatean gordeta gelditzen direlako.
26 urte geroago inkubagailu berean esnatu gara lanera joateko iratzargailuak jo duenean. Lanera arratsaldez joan behar dudala aprobetxatuta, ordenagailu aurren jarri naiz folio txuri bat letra hauekin zikindu nahian. Inkubagailutik ordenagailu aurrera. Mila gauza egin ditut tartean, baina 26 urte geroago pantailaren aurrean aurkitzen naiz. 26 urte. Gazteentzako zahartzen eta zaharrentzako gazte. Baina gauza bat argi dago, atzo baino pixka bat zaharragoa naizela eta bihar baino pixka bat gazteagoa. Zorionez hori, denei gertatzen zaigu, Julia Robertsi ere. Beraz, etortzen diren bezala eramaten jakin behar. Garrantzitsuena hurrengo urtebetetzera ondo iristea da. Amaitzen joan beharko dut kandelak piztuta daude-eta.
Ah, egun berean urteak betetzeak gauza on bat du. Horrela ez zait ahaztuko zu zoriontzea. «Zorionak» esaten didazunean «zorionak» batekin erantzun eta listo. Zorionak Estitxu!