Zorionak, Marinelli!
Txirrindularitzaren trantze tristeenak eroriko larriak dira, ziur aski. Erorikoekin batera, latza izaten da tropelak helmugatik metro gutxira ihesean doana edo doazenak, gupidarik gabe, harrapatzea. Hori baino mikatzagorik… Bada, antzeko zerbait gertatu zaio Jacques Marinelli zenari. Helmuga, haren kasuan mendeurrena, gertu-gertu zuen (abenduan zen betetzekoa 100 urte), baina uztailaren 4an hil zen. Frantziako Tourra hasi bezperan joan zen. Balio beza testu honek Frantziako txirrindulari apala gogorarazteko.
Ez alferrik, berak zeraman soinean maillot horia Frantziako Tourra Donostiara lehen aldiz iritsi zenean, 1949ko uztailean. Eta hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, kontuan hartuta tropelean Coppi eta Bartali italiarrak, Kubler suitzarra eta Bobet frantziarra zeudela. Garaiko txirrindularirik onenetarikoak. Tour hura, ohi bezala, Parisen amaitu zen eta Marinellik ez zuen irabazi. Hala eta guztiz ere, azken podiumera igo zen Coppiren eta Bartaliren ondoan. Handia egin zuen!
Baten batek esan lezake uda bakarreko txinparta izan zela Marinelli, ez baitzuen garaipen distiratsurik lortu gerora. Beste hitz batzuetan, ez zela ziklista arrakastatsua izan. Baina modu asko daude arrakasta neurtzeko. Coppik, esate baterako, handiak egin zituen urte hartako Tourrean bertan eta ondorengo urteetan. Baita urte batzuk geroago, tximista batek nola, txirrindularitza irauli zuen herrikide eta izenkideak: Jacques Anquetil.
«Baten batek esan lezake uda bakarreko txinparta izan zela Marinelli. Baina modu asko daude arrakasta neurtzeko»
Perikitoa (hori zen Marinelliren goitizena) ez zen haien pare iritsi, baina 100 urteren atarira iritsi da. Ziklismoa utzita, besteak beste, bizikleta denda ireki zuen eta haren herriko alkate ere izan zen! Coppi, 1949ko Tourra irabazi zuena, berriz, 1960an hil zen, 41 urterekin, malaria zela kausa. Eta ziklismoak inoiz eman duen Jacques ezagunena eta dotoreena, Anquetil alegia, 53 urterekin joan zen urdaileko minbiziak jota. Txirrindularitza zaleon artean ezaguna da pasartea: Anquetil hilzorian zela, bere aurkari handia izandakoa, Poulidor, bisitan joan zitzaion (lagun minak ziren ordurako). Anquetilek honako hau bota zion: «Heriotzaren aurrean ere, zu bigarren». Bada, Poulidor ere Marinelli baino lehenago hil zen.
Txirrindularitzari buruzko katedrak Coppi, Anquetil eta Poulidor goraipatzen ditu; Marinellik, aldiz, askoz ere tarte txikiagoa dauka. Halere, bejondeiola, Donostiara aurreneko aldiz txirrindularitzaren jantzirik preziatuena ekartzeagatik. Hiria ez zitzaion berehalakoan ahaztuko… Eta bejondeiola, bidenabar, bizitza oparoagatik. Horregatik guztiagatik, penarik ez; zorionak, Marinelli!