Zorionak neskak!
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Ainara Herrero, Maialen Zelaia, Larraitz Lucas, Evelyn Santos, Aintzane Enciso… Izen horiek esanda askori ez zaizue ezer etorriko burura; ez gaizki pentsatu, ez dira nire neskalagun ohiak. Paniniko kromoetan ez dira ateratzen, baina goi mailako futbolariak dira. Denboraldi batean Oiartzungo nesken taldeko entrenatzailea izan zen nire lagun bat, eta bere laguntzaile izan nintzen denboraldi osoan. Mutilak entrenatu nituen aurretik, baina urte hori berezia izan zen niretzat. Nesken futboleko gaixotasun horrek ni kutsatu ninduen, eta ez nuen sendatu nahi. Oraindik kutsatuta jarraitzen dut eta horregatik noa Zubietako Z7 zelaira igande batzuetan. Batzutan Sokoaren abileziarekin noa harrituta etxera, besteetan Ireneren garrarekin, Maite Lizasoren buruz baloi guztiak irabazteko trebeziarekin, Marinaren jaurtiketekin… Baina, batez ere, taldeko lanarekin. Ikusleak ere taldeko parte sentitzen gara. Neska alai horien atzeko bi mutil aipatu behar ditut ere. Lehendabizi lehen entrenatzailea, Etxabe. Oiartzunen ezagutzeko aukera izan nuen, eta hitz batekin definitu beharko banu, “profesionala” izango litzateke. Bere tokian egoten den entrenatzailea. Aipatu behar dudan bigarren mutila, bigarren entrenatzailea da, Xagu. Zuri zer esan. Oraindik oroitzen dut aurreko denboraldi bukaerako bazkarian eman zenigula berria: “Realera noa, Etxeberen laguntzaile”. Txoroen gisan, negarrez jarri ginen biok pozez. Nik bezala, zuk ere badakizu aukera hori ondo irabazita zenuela urtetan emakumeen futbolean egindako lanarengatik. Niri irakatsitakoaren erdia irakasten badiezu, Gurutze, Sandra, Idoia eta konpainiari, finalerdia bakarrik ez, hurrengo urtean Kopa ekarriko duzue Donostiara. Garbiñeren lana ere omentzeko lana da. Zorionak neskak denboraldi osoarengatik! Finalerdietara iritsi gara aurten, baina, hurrengo urtean gehiago lortuko dugula ziur naiz. Plazer handia da zuek ikustea. Eskerrik asko gaixotasuna ez sendatzeagatik. Eta jendeari igande goizetan Zubietara joateko gonbita luzatzen diot, zuek ikusteko. Kutsatu zaitezte.