Zoriontasun likidoa
Hau ospatu behar dugu! Atera txanpaina!», «Azkenik, oporrak, goazen kaña batekin ospatzera!», «Azterketa gainditu duzula? Gaur gauean txupito erronda zure omenez!». Egoera horietako bakoitzean bada bat datorren elementua: alkohola. Zapore, kolore eta izaera anitzeko likido magiko hori erabat erroturik dugu gure egunerokotasunean, eta dela penak itotzeko zein zoriontasuna ospatzeko, eskuetan dugun basoan aurkituko dugu beti.
Baina alkoholaren esku zabalak hori eta gehiago harrapatzen du; gure aisialdia, gure harreman une gozoenak menderatzen ditu. Lanetik leher eginda irten eta lagunen batekin tabernan «zeozer hartzeko» plana egiten dugunean, alkoholak baretzen ditu egun goibel horretako ekaitzak. Aspaldi ikusi ez dugun adiskide horrekin gelditzean ardo edo kaña bat elkarbanatuko dugu algara eta oroitzapenen berpizte festan. Urtebetetzeak, ezkontzak, bataioak, lan arrakastak, familiako zorion uneak, kuadrilla planak, herriko festak… denak ureztatzen ditugu zoriontasunez mozorrotutako likido bitxi zein ezagun honekin. Berdin egiten dugu albiste txarrak jasotzean, heriotzari aurre egin behar diogunean, lagun ala amodio bat galtzen dugunean; orduan, mina anestesiatzeko botika gozoa bihurtzen da alkohola, hurrengo egunean buruko min majoa utziko digun arren.
Alkohola gizartean erabat normalizaturik dugun droga hori da, tabakoarekin eta beharbada kafearekin batera. Hain dago erroturik, nekez egingo baitugu ekitaldirik edo ospakizunik alkohola kontsumitu gabe. Are gehiago; halako ekitaldietan parte hartzea eta alkoholik ez edatea zaila izan daiteke. Alternatiba gutxi aurkitzen dituzte alkoholik kontsumitu nahi edo ezin dutenek; gehienetan, kafeina edota azukrea (freskagarriak) dituzte alternatiba bakarrak.
Egunerokotasuna, tradizioa, festa egunak, bizitzaren une mugarriak ez ditugu alkoholik gabe ulertzen, baina gero harritu egiten gara gazteek egiten duten alkohol kontsumo «basatiarekin», asteburuero poteorako plana egiten dugun bitartean. Aisialdia zoriontasun likido horrekin ureztatzeari utziko bagenio, bizitzaren pozak eta penak naturaltasunez bizitzen ikasiko genuke, osasuna arriskuan jartzen duten elixir magikoen beharrik gabe.