Zoriontasun puska
Olerkia: Eider Perez Adeletx
Uste dut gu garela
arazo bat izango du
gure belaunaldiak
eta zaila izango zaigu eustea
norabait lotzea
besteen bizkarrak helduleku
zailak dira begietara begira
uler diezaioten
nahi duenarentzat
uste dut agian ez garela
errudun guztiz gu, baina
gugan daude jatorri
zehatzik gabeko
tristuraren hondarrak
errepide luze baten erdian
egurrezko aulki bat zabaldu
eta zain ikusten
dut gure burua
etorkizuna eta iragana zein
norabidetan dauden ez dakigu
eta zain
nora korrika egin baino
nun gauden pentsatzea
da irtenbide bat
agian bakarra
zeruaren dimentsioak
gehiegi dira
eta lurrera begira
lasaiago sentitzen garela
ematen du
niri ahaztu egin zait
hamasei urte bete nituen eguna
ahaztu egiten zaizkit
gauza asko
informazio gehiegi dugu
egunero
eta ahaztu egiten zait
zaila delako gordetzea dena
eta dena nahi izatea
eta nahi batzuk
eta denon beldurrak
hezur-haragizko interakzio
mekanizatuak
eta bakardearen gogoa
edo izua
hori gara
maite duguna zaindu
nahi dugula sentitzean
eta nahiko genukeen bezala
egiten ez dugula ikustean
dator arnas zatikatua
uste dut gu garela
buru-hezurrean tristura asko
hondoratuko duen belaunaldia
denboraz ere ahaztu naiz
nahastu egiten naiz
trabatu hizketan eta
haragi bizitan bakarrik
azal dezaket nahi dudana
uste dut ez dakidala
askatasuna zer den
erabatekoa ez bada
galdu egiten naiz
egutegiak eta erlojuak
kendu nituen
haize gris arin batek
balio duelako
urteek eta zenbakiek ez bezala
arnasa hartu nahi dut
itota egon naizelako
eta errepide huts batean gaudela
ahaztu egiten zait
arnastu dezakegula hemen ere
baina lurrera begira
eta ez da nahikoa
ez dakizkigu gauza asko
eta ez dakiguna
jakin behar dugu
eta pisu iraunkor bat da
baina jakin nahi dugu
dena
eta irudi asko ahaztu zaizkit
eta eraiki ditut beste asko
eta bizirauteko aireratu
egiten gara errealitatetik
eta asmo berriak
ditugu etengabe
baina nekatu egiten gara
ahaztu egiten zaizkigu
gauza asko
oroitzapen batzuk
desagertu dira
nahikoa dugu orain
aulkian zain
gertatzen dena ulertzen
Eta nik ere nahi dut
uler diezadaten
kezkatzen gaituena
nahi bezain ondo
ulertzen ez dudan arren
eta bizkarra gara
gu ere askorentzat
uste dut ez dela
gure belaunaldiaren errua
baina errepide luzeetan
aurkitu dugu gure burua
eta nora lotu ez dakigula
aulkitik altxatzen gara
gero berriro esertzeko
eta zain
uste dut gu garela
arazo bat du
gure belaunaldiak
baina ez da guk sortua
eta
ezin gaituzte ulertu
errepide luzean
gure burua nolabait
irribarre lasaiz
zoriontasun puskaz
aurkituko genuela
esan zigutenek
aurkituko gara
norabait lotu
oraindik ez dakigu
nola
eta zain gaude