Zortea izan edo halako zeozer
Gizarte mobilizazio handiena eragiten duen eta diru gehien mugitzen duen kirola hautatzeko zortea izan nuen txikitan. Zortea izan nuen hautatzeko edo, beste askok bezala, patioaren erdigune ukaezina zena gustatuko izateko, eta, modu batera edo bestera, baloiari ostikoak ematen trebea izateko. Eta hala, oraindik naizen realzale amorratu bihurtu nintzen, denborarekin futbolarekiko sortu zaizkidan errezelo, mesfidantza eta gorabeheren gainetik mantendu dudana. Izan ere, zure burua feminismo antikapitalistan lerratzen duzunean, zaila da betidanik gizonezkoen futbolaren eta horrek sortzen duen negozioaren parte izateak kontraesanik ez sortzea. Are gehiago, futbola oro har, modu kontzientean, eroso kontsumitzea.
Baina hemen gaude orain, euskal gizartearen ahotan luze egongo den final baten atarian, futbolaren jarraitzaile garelako, eta beraz, espazio publikoak bereganatzeko pribilegioez gozatzeko zortea dugulako, eta ni, pozaren pozez, bere garaian kirol nagusiaren hautua egin nuelako. Gurasoen oroitzapen mitifikatuetatik Realarekiko zaletasuna eraiki, eta, era berean, Kopako txapelketa auzo-lotsaz bizi zuen belaunaldikoa naizelako. Umetan sinadurak eskatzen zituen belaunaldi hori bera da gurea, gaztetan argazkiak eskatzen zituena eta orain ere jokalariei finalak irabazteko eskatzen diena. Futbol modernoaren negozioaren kontsumo elitista honetan, bi urtean inoiz imajinatuko ez genituen Kopako bi final ikusteko parada izango dugunak. Berdegunean jokatzen duten erreferente bikoitzak ditugunak, futbolaz gain, euren oinarrizko eskubideengatik tinko borrokatzen dutela erakutsi digutenak, eta ospatu dugun lehen finala oparitu digutenak.
Hortaz, kontraesanen motxilarekin edo gabe, Granadan hasi genuena Sevillan bukatzeko aukeraz gozatuko duen zorte oneko belaunaldia gara.