Zubietan bildu ziren haien oinordekoak
Donostiar gehienek, komunikabideen lanari esker, Zubieta futbolarekin lotzen dute. Usurbil eta Donostiako udalerriek partekatzen duten Zubietak, auzo baino, herri izaera nabarmena du, historia luzeaz gain. Azken urteotan, erraustegia dela eta edo Eskusaitzetan eraikitzen ari diren kartzela dela eta izan dugu haren berri. Eta, urtero, Santio jaiak ospatzen direnean, berri laburren bat edo beste. Uda partean, bestelako oihartzunak etortzen zaizkigu bertatik ere, tarteka. Aberatsen aisialdi eremu seinalatu bat bertan baitago kokatuta joan den mendeaz geroztik, hipodromoa.
Zaldi lasterketen aitzakian, aristokratekin batera, burgesia handia batzen zen bertara udako egun seinalatuetan. Lehen Mundu Gerraren testuinguruan eraiki zen. Europan egiterik ez ziren lasterketak, muga zeharkatu eta udatiar aberatsen udaleku zen Donostian burutzea negozio aukera itzela omen. 1916An, Donostiako Udalak hipodromoa erosi zuen. Aurretiaz, jadanik 1883an, Parisen bizi zen estatubatuar batek zaldi lasterketak egiteko proposamena luzatu zion udalari, Maria Kristina erreginak Donostia Espainiako errege familiaren udako opor leku hautatu baino lau urte lehenago. Historikoki, Kontxako paraje ederrek bezainbeste liluratu izan ditu agintari eta aberatsak mugaren hurbiltasunak. Udatiarrak entretenitzea hiriaren eginbehar bilakatu zen.
Abuztuaren azken egunak gainean ditugun honetan, aurten, beste behin, beteko dira Abuztuaren 31ko balkoiak kandelaz eta Parte Zaharreko kaleak errepresentazio historiko burrunbatsuz. Maite dugu danbor hotsa, diote kanpotik datozenek. Azken urteotan, sansebastianetatik landa, urteko beste garai batzuetara zabaldu dira danborra jotzeko okasioak, auzoetako jaietan noski, baina baita errepresentazio historiko bizidunak deritzonetan. Asteburu honetan, berriro ere.
«Zubietan bildu ziren jauntxoek hiria berrasmatu egin zuten, halabeharrez. Denboraren joanean, paradoxikoki, hiriaren suntsiketa bultzatu eta babestu zutenen kapritxozko udaleku bilakatu zen»
1813an, hiria suntsitu zuten Espainiako koroaren aliatuek, Napoleonen aurka. Espresuki horretarako baimena jaso zuten soldaduek, bai eta gogotik bete ere. Ingeles-portugaldar armadek astebete eman zuten hiria arpilatzen eta erretzen. Hiriak zituen 600 etxeetatik, 36 bakarrik geratu ziren zutik eta 1.000tik gora donostiar erail zituzten. Bortxaketak sistematikoak izan ziren. Sugarrek ezabatu zuten merkataritza jarduera oparoa izan zuen Erdi Aroko hiribildua. Harrigarria bada ere, hondamendiaren tamaina duela gutxi atera da argitara, bertako historialarien dokumentazio lanei esker eta gertatutakoa gogorarazteko enpeinua agertu duten herri ekimenei esker. Hala jakin ahal izan genuen berreraikuntzarako inolako laguntzarik ez zuela eman gobernuak, are, hiriaren suntsiketaren berri ematea galarazi zuela espresuki Espainiako Gobernuak, bai eta orduko prentsak amen egin ziola aginduari.
1813ko iraileko lehen egunetan, aurrera begirako erabakiak hartzeko bildu ziren sarraskitik bizirik atera ziren Donostiako jauntxoak, Zubietako Aizpurua baserrian. Zubietako batzarra deiturikoan erabaki zuten hiria berreraikitzea. Bretxa leku izena ordukoa dugu. Hiri modernoa, harresirik gabea —turismoak zein gogoko dituen hiribildu eta harresiak—, ez zuten akaso ondo neurtu, ensantxez-ensantxe zabaltzen joan zen. Zubietan bildu ziren jauntxoek hiria berrasmatu egin zuten, halabeharrez. Denboraren joanean, paradoxikoki, hiriaren suntsiketa bultzatu eta babestu zutenen kapritxozko udaleku bilakatu zen. Egungo jauntxoek hiria bestela ari dira suntsitzen, gaztez husten eta turista dirudunez betetzen.