Zubigileak
Gure Eskuk sorreratik izan du zubigile izateko bokazioa. Beti saiatu izan da ibilbide eta sentsibilitate politiko ezberdinak dituen jendeak bat egiteko zubiak eraikitzen. Esango nuke premisa sinple batean oinarritzen dela egiteko modu hori: herri erronkei ezin zaiela elkarri bizkar emanda eutsi, eta are gutxiago, elkarren kontra. Herri erronkei herri gisa jokatuz egiten zaie aurre, eta badakit hori esatea erraza dela, eta egitea, aldiz, ez horrenbeste. Herri bezala jokatzeak eskatzen du, besteak beste, aurrean duzuna entzuten jakitea, bere ikuspuntuari gutxienez zurearen adinako zilegitasuna aitortzea, eta ulertzea ezin zaiola inori zubi osoa zeharkatzeko eskatu, norbera bere tokian tinko geratzen den bitartean. Zubiaren erdiraino, gutxienez, mugitzeko prest egon behar da zubigilea.
Gure etorkizuna libre erabakitzea posible egitea herri gisa lortu beharreko erronka da. Horregatik, Gure Esku eta alor anitzetako hainbat eragile elkarlanean ari gara, Hamaika Gara ekimenaren bidez, burujabetzaren aldeko prozesuari ahalik eta oinarri zabalena eman asmoz. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat sustatzen ari gara, herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikustarazi, eta gehiengo hori burujabetzarako bidean inplikatzeko.
Eragileok zubia eraikitzen ari gara, baina gure asmoak betetzeko, gurekin bat egiteko prest egongo den zubigile asko beharko ditugu. Honenbestez, eta oraingoan, metafora gaindituz, zubira etortzeko dei egitea besterik ez zait geratzen: larunbata honetan, maiatzak 22, Kursaal eta Santa Katalina zubietan eta hauek batzen dituzten pasealekuetan elkartuko gara, eguerdiko 12:30ean. Eta herri eta eskualdeetako indar metaketa baliatuz, uztailaren 3an, Euskal Herri mailako mobilizazio bat egingo dugu Bilboko Areatzan. www.hamaikagara.eus webgunean topatuko duzu informazio gehiago, eta oraindik egin ez baduzu, erreferendumaren aldeko manifestua sinatzeko aukera ere izango duzu. Indarrak batzeko garaia da: zatoz zubira!