Zuhaitzen %80 birlandatuko dira ala %86 baino gehiago moztuko dira?
Basque Culinary Center (BCC) berriaren proiektuaren arduradunek Groseko egoitzaren eraikuntzaren ondorioz Manteon desagertuko den landarediari buruz egin dituzten adierazpenek kontzeptuen nahasketa erakusten dute “hamabost zuhaitz eta 73 zuhaixka” aipatzen dituztenean, eta, jarraian, “eraikinaren aztarna berdea ia egungoaren berdina” izango dela esaterakoan. Biologoa eta ingurumen teknikaria naizen aldetik, honako azalpen hau emateko baimena dudala uste dut: zuhaitzen eta zuhaixken arteko bereizketa ez da zientifikoa, eta ez du inolako garrantzirik aztarna berdea, ingurumen eragina eta antzeko ezer kalkulatzeko orduan.
Azalduko dut. Ez dago irizpide tekniko adosturik zuhaitza eta zuhaixka bereizteko, baizik eta espezie bakoitzak heldutasunean lor dezakeen gehieneko garaierarekin erlazionatzen da nahiko lausoki (hau da: altuera jakin bat baino gehiago har dezaketen espezieak, zuhaitzak; azpitik geratzen diren zurezko landareak, zuhaixkak) eta autore batzuek muga bi metroan jartzen dute, beste batzuek bost metroan, eta abar. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida-n (Aizpuru et al., 2010), berariaz jasotzen da zuhaitzen eta zuhaixken artean bereizteko zailtasun hori, eta Manteon ugarienak diren milazken txanda denean, “zuhaitz txikia” terminoa erabiltzen dute. Alderdi Ederren, bestalde, bada milazkei (gaizki deituriko Kontxako tamarindoei) eskainitako informazio panel bat, non honako hau irakur daitekeen: “Erne ibili behar da arbola aparta hauen berezitasunekin”.
Beraz, “zuhaitzen %80 birlandatuko dira” dioten egunotako titular horiei (Manteon BCC berriak okupatu nahi duen partzelan dauden 88 aleetatik –15+73– soilik hamabi kontuan hartuz, besteak zuhaixkatzat hartzeagatik baztertu baitituzte), buelta eman dakieke eta honela adierazi: “Zuhaitzen %86 baino gehiago moztuko dira” (88tik 76, milazkak arbolatzat har daitezkeelako). Efektua ez da berdina.
Edonola ere, ale batek ekosistemen zerbitzu berak eskainiko ditu, ingurumen eta herritarren osasun onura berberak, hala zuhaitza nola zuhaixka deitu. Kontua da Manteoko milazka zaharrak bertan dauden zuhaitzak (platanondoak, gehienbat) bezain handiak eta enbor lodikoak direla, eta, Nafarroa hiribideko ezpondan mende erdi baino gehiagoan bizi izan eta gero, adaburu hain hostotsuak garatu dituzte, ezen, nahiz eta eraikin berriaren azalera guzti-guztia alfonbra berdez estali (BCCren proiekturako kontratatutako paisajista ezagunak onartu duenez, eraikineko estalkian 20 zentimetroko lur geruza batekin landatzeko aukerak mugatuak dira), honen “aztarna berdea” nekez izango da gaur egungo parkearenaren parekoa.
“Olatuen bidea”-n hazi ahal izango diren landaretxoek ezin izango dute inoiz itzala eskaini, oxigenoa sortu, txoriei babeslekua eman, zirkulazioaren zarata moteldu, CO2a finkatu, euri ura iragazi edo gure begiak naturaz bete, gaur egun Manteon hazten diren zuhaitzek, zuhaixkek, arbolek edo, dei ditzatela nahi duten moduan, landare eder horiek egiten duten bezala.