Zuk ere sentitu duzu, ezta?
Bukatu dira Gabonak, maitatua bezain gorrotatua den garaia. Bukatu dira janari goxoz betetako mahai luzeak eta baita urtean birritan ikusten duzun osabaren txiste txarrak ere. Amaiera guztiek berekin dakarte hasiera bat.
Etxean urte berriari begirako erronka eta helburuak jartzeko ohitura dugu. Nork bere bidetik jotzen du, eta urtero errepikatzen direnak izaten dira elikadura gehiago zaintzea, osasuntsu egoteko kirol gehiago egitea, lagunak eta familia zaintzea, norberarentzat denbora hartzea, eta abar, eta abar. Egin genuen errituala: hamabi helburu idatzi, kanpai hots bakoitzarekin hamabi helburuetako bat irakurri eta bukatzean papera erre. Listo, eginda, orain lan egin behar, bete daitezen.
Aurten, mende laurdenaren atarian gaudelarik, meloi bat irekitzea erabaki dut. Iruzurtiaren sindromearena, arrakastaren bidean dugun isilpeko etsaiarena. Askotan galdetu izan diot neure buruari: Zertan ari naiz hemen? Nabarmen hazten da nire barrenean ongi kontrolatzen ez dudan gai bat jendaurrean hizpide dudanean. Jendaurrera atera aurretik urduri jartzen den horietakoa naiz, normalean kontrolpean mantentzen dut sentsazioa. Urduritasuna kontrolatu bai, baina pentsamendu bat nagusitzen da nire barrenean: «Edozein momentutan jakingo dute hemen ez nagoela egin dudan lan guztiagatik». Zuk ere sentitu duzu, ezta? «Lorpen handi edo txikiak» egin dituzu, baina, hala ere, zure buruak esaten dizu hori guztia ez dela zure lanaren fruitu, baizik eta zortea izan duzula edo norbaitek lagundu dizula. Halakorik gertatu zaizu? Denok izan gara iruzurgile noizbait.
«Emakumeok ez dugu erdipurdikoak izateko pribilegio hori. Ez da kasualitatea emakumeok gehiagotan sentitu izana iruzurgile garela»
Gizon asko ikusi ditut ardura postuetan haien lana hala moduz egiten. Gaia kontrolpean dutenaren plantak egin, eta aurrera. Emakumeok ez dugu erdipurdikoak izateko pribilegio hori. Ez da kasualitatea emakumeok gehiagotan sentitu izana iruzurgile garela, ardura postu batera iristeko emakumeok mila bider hobeak izan behar garela demostratu beharra. Eta horrek dakar presioa, eta autoestimuan eragina.
Aurten irekitako meloi honi eustea dago nire hamabiko zerrendan, eta espero dut beste askok ere presente izatea. Badakit hurrengoan zer esan nire barruko deabru horri: «Hemen nago, eta merezi dut».