'Berriro ere, horia'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Duela pare bat aste, gure Xabi Vazquez kexu azaldu zen epaileek txartel horiak gorritzeko eta gorriak horitzeko duten ohituraz, betiere, zigortu behar duten jokalariaren kamisetaren arabera. Ez zitzaion arrazoirik falta Xabiri, ez horixe! Kexa horren beste adibide bat nozitu behar izan genuen igandean Castello aldean, eta oraingo honetan, Undiano izeneko epaile (?) bat izan zen triskantzaren erruduna.
Undianok, Fermin El-del-banderin-ek eta enparauek sekulako zaletasuna diote hala txartelen koloreak nahasteari nola partiden norabidea aldatzeari, eta horixe egin zuten, primeran egin ere. Ez naiz esaten ari Elustondo erabat errugabea denik, ero moduan joan baitzen baloiaren bila, baina zure areatik horren urrun eta ia nahigabean egindako falta ezdeus batengatik bigarren txartela ateratzea gehiegizkoa izan zen.
Baina tira, utz ditzagun Undianokeriak beste baterako eta itzul gaitezen harira. Lehenengo hogei minutuak alde batera utzita -une batez lau t’erdiko finala ikusten ari nintzela otu zitzaidan, zelai osoan beharrean, soilik Realaren zelaian jokatu baitzuten- partida txukun askoa egin zuten gure mutilek. Zurutuza gustatu zitzaidan eta, pixkana-pixkana, hurbiltzen ari da behinola erakutsi zigun mailara. Nire ustez, taldeak badu kalitate nahikorik munduko Ligarik onena den txapelketa txar honetan lehiatzeko, baina gauza bat dela eta bestea dela, orain arte gure jokalari onenak out egon dira. Zurutuza, Griezmann, eta Vela zelaian zeuden baina ez zeuden zelaian, Aranburu aulkian zegoen, Llorente harmailetan, eta Prieto missing. Ez da harritzekoa, beraz, zuloan sartu izana, argi baitzegoen Iñigo Martinezen golekin soilik ez ginela urrunegi iritsiko. Azken asteotan, berriz, jokalariak azaldu egin dira zelaian eta bizitza, arrosa kolorez ez bada ere, beste kolore batez ikusten hasiak gara.
Hori koloreaz?
Ez, aukeran ez. Horia Undianori utziko diogu, ea behingoz ikasten duen.