"Eonai lo ta jangoen/k me"
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Maiatzak 21, erreflexio eguna dut nik ere. Madrilgo Sol plaza bete ahala hustu da hauteskunde kanpaina. Eta plazetako herritarren hatz erakuslearekin seinalatuta sentitu diren politikariak ezin hatzak beren sudurzuloetatik atera. M-15 mugimenduaren aldaketarako aldarriak boteprontoan harrapatu ditu. Antolakuntzan, ez gaitezen inuxente izan, ez dago bat-batekotasunik, hilabete luzeetako konpromiso militantea baizik. Sare-sozialak tresna dira, baina Interneten ez dago iraultzarik. Ezustea mugimenduak hartu duen dimentsioan dago. Eta dimentsioa, protesta zertan amaituko den ezin asmatu ahal izateak eta ilegalitateak eman dio. Hala izan da Madrilen, ondorengoa, domino-efektua. Ikusteko dago nork eramango duen partiduko tantoa. Hauteskunde kanpainan, alderdi “handien” beldur ziren, mugimenduaren aldarriak bere eginez kutsatuko ote zituztenez. Egiazko arriskua, baina, meza-medioen melodian dantzatzen amaitzea da. Politikariek, noski, egin dute berea. Elorza jaunak “logikotzat” jo du mobilizazioa, eta lotsarik gabe astindu egoera gainean izan duen ardura. Gurean lotsarik gabe egiten dira “norberaren” besteen aldarrikapen eta mugimenduak: hiriko PSE-EE alderdiak hauteskunde publizitatean Aste Nagusiko Abordatzearen argazki bat lapurtu zuen. Ahaztu nahi zuten nonbait, jai herrikoien aldeko mugimendua, gaurko plazetako mugimenduaren eragin oinarrietan garatu zela. Baita, legaltasunean ere. Ezer aldatu gabe aldaketaren parte zarela erakutsi nahi izateak badakar kostua. Maiatzak 22. Egiazko aldaketarako lehen urratsa. Maiatzak 28. Hiriburuetako plazek okupaturik diraute. Izan plazetan, Kontxa bezalako badietan edo eraikinetan, okupazioaren helburua ekintza zuzenaren forma bera da: ilegala, kolektiboa, zabaltasunean zuzendua eta aurrez botereak lapurtutako bizi-espazioa berreskuratzea dakarrena. Plaza espazio publiko bizia da. Herritarren eremua. Jardun publikorako jokaleku egokia da, eta espazioaren erabilera horrek lotzen du plaza era kolektiboan okupaturiko eraikinarekin. Plazak eta gaztetxeak askatasuna esperimentatzeko okupatzen dira. Groseko Kortxoenea okupatu zuten gazteek, kasu, beren askatasuna eraikinaren erdigunean jarri eta kolektibizatu egin zuten orain urtebete. Eta hala, Indiano kalean bestelako mundu bat sortu. Bestelako munduei zabalik dagoen mundua, herritarron plaza berria. Zenbaitzuk aldaketa nondik heldu zaien ongi ez dakiten honetan, Kortxoenea aldaketan bizi da. Hirian gaztetxe gehien eraitsi dituen alkateak, plazetako “haserretuok” baino haserretuago, ez du aldaketa ongi lixeritu, orain “inoren eperdiak miazkatu” (sic) beharko ez dituen arren. Eta esango dut: faltan botako haut… nik eta Karmengo Ama kaleko gaztetxeko lagunek, Groseko Iztueta kalekoek, Rufilita eta Etxe Urdinekoek, Ametseneak, Letamanek, Xolot eta Loiolako gazte lokalekoek… Izan dadila Kortxoenearen urtemuga Donostian izan diren gaztetxe guztien festa. Urte askotarako.