'Absentziak presente egiten zaituenean'
Itsaso Gutierrez, hezitzailea eta musikaria
Iluntzeetan oroitzen zaitut. Gehienetan. Zure absentziak presente egiten zaituen bakoitzean. Duela egun batzuk hartu zenuen etxetik joateko erabakia. 50ak bete nituen urtean. Ezustean harrapatu ninduen. Laneko zurrunbilotik etxeratzen nintzela telefono dei batekin agertu zenidan. Beti bezain hotz, urrun. Ulertzen nuela aitortu nizun. Nahiago nuela aurrez aurre hitz egin. Buruan kontu askorekin zorabiatuta sentitu zintudan. Noraezean. Arrotza zitzaidan zure inpazientzia.Hozkailua ireki dut. Hozkailuan zuretzat erositakoak daude. Nik hartu beharko ditut. Edo bota. Nori eman? Okindegian jada geltokirik ez. Ogi apurrez nahikoa dut. Ez dut afaria egiten dudan bakoitzean neurria hartzea lortzen. Zenbat janari bota beharko dut? Telebistaren parean afaltzea nahiago zenuen. Nik zure eguneko kontuak entzutea gogoko nuen eta mahaia prestatu ohi nuen biontzat. Baina, maiz, platera eskuetan hartu eta programa ziztrin batekin bilatzen zenuen entretenimendua. Bakoitzak bere kaxa jaten zuen berea. Begi zeharka begiratzen zintudan. Telebistaren argipean. Platerean prestatutakoak gozatzen zenituen edo ez ziurtatu nahian. Gustura ikusten zintudan. Platereko azken mokaduaz asebetetzen. Besterik nahi zenuen galdetzean haserre erantzuten zenidan. Zuk zeuk hartuko zenuela nahi zenuen hori, zure gainean ez egoteko. Gaur, mahaian afalduko dut. Arraroa zait isiltasuna.
Telebista begiratu dut. Begi zeharka. Irratia piztuko dut. «Ohera noa» esaten nizun bakoitzean, keinu batez agurtzen ninduzun, begiak telebistan iltzaturik. Nahikoa zitzaidan. Maindireen azpian ezkutatzen nituen belarriak, telebistaren ozena isildu nahian. Loak harrapatu arte. Aspaldi ez dudala libururik irakurri. Nobela bat hartuko dut oheratu aurretik. Atzo ez ninduen arin loak hartzen. Beharbada irakurriz nekeak hartuko nau.
Hurbil egoten saiatzen nintzen. Baina soberan zenuen denboran, begiradarik ere ez zenidan eskaintzen. Nire kezka bakarra bihurtu zinen. Duela urtebete eskas egin genuen azkenekoz elkarrekin irtenaldi bat. Zinemara. Zuk aukeratu zenuen filma. Ez dut gogoan haren izena. Ogitarteko bat hartu genuen Parte Zaharreko taberna batean. Luze egon ginen gure kontuez hitz egiten. Poza sentitu nuen zure alboan. Elkarren ondoan. Baina orain urrun sumatzen zaitut. Arrotz.
Jada ez dugu elkarren berri. 20 urte eman ditugu bata bestearen alboan. Eta jada ez dugu elkarren berri. Bihotza kezkez eta minez hausten zait. Urruntasunak asetzen zaituela sentitzean. Zure alboan bizitzen ikasi dudalako, zuretzat. Behar zaitudalako. Hurbil. Mamu baten antzera bilatzen ditut etxean utzitako arrastoak. Gelatik gelara abiatzen naiz. Ez dakit zeren bila. Gaur ez dut arropa garbituko, oraindik ez dut nahikoa arropa zikina bildurik-eta. Nire gelakoak jaso ditut.
Komunera abiatu naiz. Atzo garbitua. Hozkailua ireki dut. Dagoenarekin nahikoa dut. Egongelara abiatu naiz. Hamar minutu eman ditut zapping egiten. Ez dute ezer ematen. Zure gelara abiatu naiz. Ia hutsa. Panpinak besterik ez dituzu utzi. Zure ohean eseri naiz. Lagunekin edo etorriko zara. Jada 20 urte dituzu.