Argazkilaritzari buruzko 'Bizirauten' saioa, osorik ikusgai
Andrea Bosch, Nagore Legarreta eta Joseba Parron, Taban.Oier Arribas Azaroaren 20an abiatu genuen Bizirauten bideopodcastaren bigarren denboraldia IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak elkarlanean, Hamaika Telebistaren laguntzarekin. Tabakalerako Taba kafetegian egin genuen denboraldiko lehenengo saio hori, eta argazkilaritza izan genuen hizpide: Nagore Legarreta eta Joseba Parron argazkilariak elkarrizketatu zituen Andrea Bosch Alfaro kazetariak.
Solasaldi goxoa sortu zen, argazkilaritzaz, aurrean dutena irudikatzeko duten moduaz, hiriaz beraz, teknikaz. Etorkizunaz ere mintzo ziren, iraganaz. Denboraren pasieraz. Goiz hartu zuten bi gonbidatuek kamera, eta, hasi zirenetik, ez diote mundua erretratatzeari utzi, bakoitzak bere estilora. Horrela, dagoeneko ikusgai daukazue saio hori osorik bideoan, albiste honen goialdean.
Bizirauten-eko bigarren denboraldiko bigarren saioa ere egin dugu dagoeneko, hilaren 11n egin genuen, eta joskintza izan genuen hizpide, Ione Iruretagoiena eta Eider G. Garikano gonbidatuekin. Saio hori ere laster ikusi ahalko duzue osorik.


