Arkitekturaren inguruan arituko dira 'Bizirauten 2.0' laugarren saioan
Hemen da Bizirauten 2.0 bideopodcastaren laugarren eta azken saioa, IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak elkarlanean sortutako ekimena. Oraingoan, arkitekturari buruz mintzatuko dira Ander Gortazarrekin eta Idoia Morenorekin, martxoaren 12an, 18:30ean, Kaian dagoen Euskal Itsas Museoan. Saio guztiak Hamaika Telebistak grabatu ditu, eta laugarren saio hau IRUTXULOKO HITZAko kazetari Inaxio Esnaolak gidatuko du.
Lehenengo saioan, argazkilaritzaren inguruan aritu ziren, Nagore Legarreta eta Joseba Parron argazkilariekin; Andrea Bosch argazkilariak eta IRUTXULOKO HITZAko langileak dinamizatuta. Azaroaren 20an elkartu ziren, Tabakalerako kafetegian (Taban), 18:30ean, eta Hamaika Telebistak grabatu zuen saioa. Elkarrizketa edonork ikusi ahal izan zuen zuzenean Taban, eta IRUTXULOKO HITZAko sareetan dago ikusgai.
Bigarren saioa, aldiz, joskintzaren inguruan mintzatu ziren, Ione Iruretagoiena diseinatzaile eta jostunarekin, eta Eider G. Garikano sastrearekin, Andrea Boschen eskutik. Estiloaz aritu ziren; modaz, norberak bere ametsak lortzeko jarraitu behar izandako pausoez. Hasieratik zuten argi biek joskintza zela beren bidea, eta beren estilo propioa sortzen joan dira urteotan. Gaur egun, beren estudio propioak dauzkate biek, Donostian. Sareetan dago ikusgai.
Azkeneko saioan, hirugarrenean, interpretazioaren inguruan aritu ziren, Nagore Garmendia kazetariaren eskutik, Nahia Sillero eta Ander Lacalle aktoreekin, otsailaren 5ean, 19:00etan, Euskal Itsas Museoan. Hemen dago ikusgai.
Bigarrenez
Joan den urtean abiatutako egitasmoa da Bizirauten, eta lau saio eduki zituen lehenengo denboraldiak, denak sormen prozesuari buruzkoak: Nøgen taldeko Ane Negeruela eta Alex Irazusta musikariak izan ziren lehenengo saioko gonbidatuak, Barrexerka antzerki eta umore taldeko Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta bigarrenekoak, Oihana Vesga eta Jone Amezaga dantzariak hirugarrenekoak eta Nextor Otaño eta Ainara Alkorta artista plastikoak laugarrenekoak. Hemen daude denak ikusgai.


