BAI Euskarari: 25 urte eta aurrera

Ekitaldiak balioan jarri zuen lan munduan euskararen normalizazioan egindako bidea, eta komunitatearen indarra eta aniztasuna islatu zituzten saridunek: Grupo Gisma, Egarri Edariak eta AZTI izan dira 2025eko Bai Euskarari Saria jaso duten entitateak; Pello Reparaz musikariak Bai Euskarari Laguna saria jaso zuen.
Rober Gutierrezi omenaldia
Ospakizunaren unerik hunkigarrienetako bat Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendari ohiari egindako aitortza izan zen, elkartearen gidaritzan egindako lanagatik eta proiektuari emandako bultzadagatik. Esker onez hartu zuen Gutierrezek omenaldia, eta esan zuen ez zela bakarrik egindako bidea izan, 25 urtean erdietsitakoa elkarteko lan-taldearen eta Bai Euskarari komunitate guztiaren lorpena ere bazela azpimarratu zuen.