Batuz Aldatu dinamikan atxikimendua eman du IRUTXULOKO HITZAk

IRUTXULOKO HITZAk Batuz Aldatu dinamikan atxikimendua eman du, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteltzeko helburuarekin. Hala, euskal hiztun komunitateak duen larrialdi linguistikoaren egoerari aurre egitea da egitasmoaren ardatza.
Hizkuntzen Europako Egunean, Batuz Aldatu adostasun sozialaren ehundik gora sinatzaile elkartu dira gaur Miramongo Parke Teknologikoan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Bertan, hizkuntza-politiken arloko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua aurkeztu dute.
“Itun soziopolitiko berriak euskarari etorkizuna bermatzeko hizkuntza-politikaren giltzak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzi muga bat ezartzea, eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea dira oinarriak. Paradigma aldaketa bat, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona”, adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta proiektuaren sustatzaileak.
IRUTXULOKO HITZA dinamikarekin bat
Eragile sinatzaileok lau konpromiso nagusi hartu ditugu gure atxikimendua ematean: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak beren egitea, elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, eta bere eremuan eragiteko gai den konpromiso gehigarriak hartzea.
Izan ere, gure proiektuaren xedea garaiaren kronika egitea da, herritarrek egunerokoan bizi dutenaren kronika, donostiarrak erdigunean jarrita. Horretarako guztirako, ardatz nagusia euskara da, euskalgintzatik jaio baikinen eta hori baita gure oinarria.
Donostian euskara ardatz duten egitasmoak babestu, indartu eta komunikatiboki lantzeko konpromisoa hartzen du hedabideak. Halaber, euskara ardatz duten auzoetako euskara taldeei aholkularitza komunikatiboa eta baliabide materiala eskainiko zaie.