Beste hogei urte, soilik zuk nahi baduzu
IRUTXULOKO HITZAren hogeigarren urteurreneko ekitaldia, San Telmo museoan.Joseba Parron San Sebastian 2025a ez da nolanahiko urtea izan IRUTXULOKO HITZArentzat, izan ere, hogei urte behin baino ez dira betetzen. Lehenik eta behin, beraz, eskerrik beroenak, lantalde osoaren izenean, proiektuaren parte zareten komunitateko pertsona eta eragile guztiei, hemendik pasatutako langile eta kolaboratzaile guztiei, Hitzakideei, iragarleei, Bagera Euskaltzaleen Elkarteari eta Berria-ri.
1994tik Donostiaren berri ematen zuen Irutxulo astekariaren lekukoa hartuz, 2005eko otsailaren 17an jaio zen IRUTXULOKO HITZA, Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eta Berria Taldearen eskutik. Egunkari gisa jaio ginen orduan, astekari izatera itzuli ginen gerora eta paperean zein digitalean dihardugu gaur egun, egunero-egunero Donostiaren berri euskaraz ematen. Donostiarrek euskaraz informatuak izateko beharra zutenarekin konbentzituta jaio zen hedabide hau, eta konbentzimendu irmo horrekin jarraitzen dugu lanean.
Argia Saria
2025a ezin hobeto hasi genuen, izan ere, Argia astekariak prentsako Argia Saria eman zigun urtarrilean, 2024an zehar “ultraeskuinaren gorakadaren inguruan egindako jarraipenagatik”. Hain zuzen ere, azken urteotan, arrazakeriaren eta eskuin mutur berriaren diskurtso eta praktikei aurre egin behar izaten ari gara Donostian, eta arrazakeriaren aurrean, koadernoak, boligrafoak eta kamerak hartu, eta tokikotik, Donostia asko sartzen diren Donostia bat kontatzera abiatu gara; donostiar guztien Donostia.
2025aren hasieran egin genuen moduan, berriz ere, Argia-ri eskerrak ematea dagokigu, gurearen moduko hedabide txiki batentzat aitortza garrantzitsua izan baitzen sari hori jasotzea. Bultzada handi horrekin, beraz, 20. urteurreneko urte bereziari ekin genion.
Komunitatea batuta
Otsailaren 17an bete genituen hogei urte, eta egun horretan bertan egin genuen urteurreneko ekitaldi nagusia, San Telmo museoan. Hunkigarria izan zen aretoa beteta ikustea: norbanakoak, gure komunitateko kideak eta hiriko hamaika eragiletako ordezkariak bertaratu ziren, besteak beste. Orduko Donostiako alkate Eneko Goiak, Bagera elkarteko Amets Iberok eta IRUTXULOKO HITZAko zuzendari Beñat Parrak hartu zuten hitza.
Goiak, besteak beste, hedabide honek euskararen normalizazioan duen papera nabarmendu zuen: “Donostia euskararen hiria bada, zuena bezalako hedabideari esker ere bada”. Iberok, bestalde, IRUTXULOKO HITZAk Donostiako euskal komunitatean duen garrantzia goraipatu zuen: “Irakurtzea, harpidetzea eta zabaltzea izango dira euskaraz bizitzen jarraitzeko giltza”. Azkenik, Parrak tokiko kazetaritzaren garrantzia nabarmendu zuen: “Tokikoa begiratzeko modu bat da. Behetik gora begiratzeko modu bat, gertutik begiratzeko modu bat. Hiriaren argazki eta diagnostiko zabalena egiteko modu bat. Garaiaren kronika egiteko modu bat”. Era berean, hedabidea babestera deitu zituen herritarrak: “Argi dugulako bakarrik ezin dela ezertxo ere egin, saretzea dela bide bakarra”.
Ekitaldia ixteko, mahai inguru mamitsua egin zuten hiru belaunalditako hiru donostiar ezagunek: Aizpea Goenaga aktoreak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Sua Enparantza dantzari eta aktoreak. Hausnarketa interesgarriak plazaratu zituzten hirurek. Bat nabarmentzearren, Gaztelumendik bere azken hitzartzean mahai gainean jarri zuena: “Periodikua, egun batean, IRUTXULOKO HITZA izatea opa dizuet”.

IRUTXULOKO HITZAko egungo lantaldea, langile ohi ugari eta kolaboratzaile batzuk elkartu ginen Garraxi jatetxean, topa egiteko.
Mundu osoa da tokikoa
Otsailaren 17 horretatik, Mundu osoa da tokikoa leloa darabilgu IRUTXULOKO HITZAn, horrekin konbentzituta baikaude. Argi dugu tokikotik edozer gauza kontatu dezakegula eta tokiko kazetaritzak ezinbesteko funtzio bat betetzen duela gizartean, are gehiago euskarazkoak. Izan ere, tokiko kazetaritzaren galdera bakarrak ez dira “zer gertatu da?”. Edo, “zer diote gertatu dela?”. Tokiko kazetaritza gai da galdera ezberdinak egiteko. Nola bizi dira donostiarrak 2025ean? Zerk kezkatzen ditu? Zerk poztu? Zertan sinisten dute? Zergatik mobilizatzen dira? Zertan irabazi dute? Zer istorio dituzte kontatzeko? Non erosten dute? Kontxara begira bizi al dira denak? Zer gertatzen ari da Altzan, Loiolako Erriberan, Egian edo Ibaetan?
Arazo orokorrak lurreratzeko gaitasuna du tokiko kazetariak, herriaren bizipenetatik garaiaren kronika egiteko eta komunitatea eraiki eta saretzeko. Hiriaren historiari beste begirada batetik begiratzeko gai ere bada tokiko kazetaritza: aristokraten belle époque-ko hiria zen soilik Donostia ala langileak ziren herritar gehienak, orduan ere? Donostiarren kemenak ez al zuen altxamendu frankista garaitu? Donostiak ez al zen izan “festarik bear bada, bego Donostia”-ren hiria?
Mundu osoa da tokikoa leloarekin, hori guztia eta askoz gehiago laburbildu nahi izan dugu urte honetan zehar, eta, noski, ildo horiei eta gure balioei jarraiki lan egiten jarraitu dugu. Eta hala egiten jarraituko dugu. Tokikotik eta euskaraz, nola bestela?
Urteurrena, urte osoan
Hogeigarren urteurrena 2025 osoan zehar ospatzen aritu gara, momentuak hala merezi zuelako. Horren erakusgarri dira, besteak beste, urteurrenaren harira argitaratutako eduki bereziak —astekari monografikoa argitaratu genuen otsailaren 21ean— eta gure komunitatearekin antolatutako jarduera batzuk: zuhaitz landaketa Haritzalde Naturzaleen Elkartearekin, Donostiako hainbat emakume kirolariren bizipenak eta erronkak partekatzeko mahai ingurua eta Dinamita Tour taldearekin antolatutako Atzera begira, Dinamitarekin memoria historikoari buruzko ibilaldia.
Urtea ixteko, zita berezi bat eduki genuen azaro amaieran: lankide ohiekin eta kolaboratzaileekin brindisa. Hogei urteotan, hamarnaka langile eta kolaboratzaile pasatu dira IRUTXULOKO HITZAtik, eta argi dugu horien guztien lanari eta konpromisoari esker iritsi garela honaino. Horregatik, elkar zoriontzeko, bizipenak partekatzeko eta elkar babesteko topaketa izan zen, benetan ederra.
Izan ere, IRUTXULOKO HITZA Donostiako euskal hedabide bakarra dela bezain argi daukagu denok egiten dugula posible proiektu hau: langileok, kolaboratzaileek, komunitateak, iragarleek, irakurleek eta Hitzakideek. Horregatik, berriz ere, eskerrak eman nahi dizkizuegu zuei guztiei, proiektu eder hau posible egiteagatik.
Beste hogei urtez eta askoz gehiagoz jarraitu nahi dugu Donostia den horretan euskaraz kontatzen, baina hori ezingo dugu egin zure babesik gabe. Zuk babesten bagaituzu, hemen jarraituko dugu, Euskararen Hiria eraikitzen, Donostia asko dituen Donostiaren berri ematen, donostiar guztientzat idazten eta, zergatik ez, urteurren gehiago ospatzen. Eskerrik asko!


