'Bizirauten 2.0'-ko bigarrena: nola josi bide propio bat
Andrea Bosch, Ione Iruretagoiena eta Eider G. Garikano, Euskal Itsas Museoan. Oier Arribas Azaroaren 20an eman genion hasiera Hamaika Telebistarekin eta Bagera Euskaltzaleen Elkartearekin elkarlanean sortutako Bizirauten bideopodcasteko bigarren denboraldiari, Tabakalerako Taba kafetegian. Atzo, hilaren 11n izan zen bigarren atala, kaiko Euskal Itsas Museoan, eta joskintza izan zuten hizpide.
Diseinatzaile eta jostun bat, sastre bat eta kazetari bat, mahaiaren bueltan; Ione Iruretagoiena eta Eider G. Garikano izan ziren bigarren ataleko protagonistak, Andrea Bosch kazetariak gidatutako elkarrizketa goxoan. Estiloaz aritu ziren; modaz, norberak bere ametsak lortzeko jarraitu behar izandako pausoez. Hasieratik zuten argi biek joskintza zela beren bidea, eta beren estilo propioa sortzen joan dira urteotan. Gaur egun, beren estudio propioak dauzkate biek, Donostian.
Laster egongo da ikus- eta entzungai bideopodcasta, Hamaika Telebistaren eskutik. Eta laster izango duzue, era berean, hurrengo saioetako informazio gehiago, gure sare sozialetan.


