IRUTXULOKO HITZA ere erronka globalaren aurrean

Euskarabilduaren 14. edizioak Interneten gobernantza eta euskal komunitateak sare globalean duen papera izango ditu hizpide. Iametzak antolatutako jardunaldiak 2025eko azaroaren 4an izango dira, Donostiako San Telmo Museoan, 9:00etatik 13:15era, eta IRUTXULOKO HITZA bertan izango da, proiektua babesteaz gain.
“Nork gobernatzen du internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean!”lelopean, nazioarteko eta bertako hainbat adituk hartuko dute parte jardunaldietan, “korporazio teknologiko handiek espazio digitalaren gainean erabakitzeko boterea kontzentratzen duten testuinguruan”.
Hala, jardunaldien begirada eskubideen defentsaren markoan kokatzen da: “teknologia modu burujabe eta kritikoan kudeatzea ezinbestekoa da herritarren eskubideak defendatzeko, kultur eta hizkuntza aniztasuna babesteko eta etorkizun digital justuagoa bermatzeko”.
Errealitate horren aurrean, Euskarabilduak gogoeta bat planteatzen du:
- Nork hartzen ditu erabakiak interneten?
- Zer interes daude jokoan?
- Zein da euskal komunitate txikien tokia, aukera eta zeregina sare global horretan?
Zer da Euskarabildua?
Euskarabildua dibulgazio jardunaldi bat da, euskara eta teknologia uztartzea helburu duena, gizartean eragiten duten eta Euskal Herrian burujabetza digitala eta linguistikoa sustatzea ahalbidetzen duten ekimen berritzaileen hausnarketarako eta hedapenerako gunea. 2012tik antolatzen dute Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak.