IRUTXULOKO HITZAko edukiak entzungai ere badaude orain

IRUTXULOKO HITZAk berritasun garrantzitsu bat jarri du martxan webgunean: idatzizko eduki guztiak entzun ahal izateko tresna. Hain zuzen ere, Elhuyarren Zientzia eta Teknologia unitateak garatutako euskarriari esker, webgune honetako edozein albiste, erreportaje, elkarrizketa, kronika edo iritzi artikulutan, edukia entzuteko aukera dago orain.
Oso erraza da. Sinaduraren gainean dagoen Entzun botoian klik egin behar da lehenik, tresnak dituen askotariko aukerak erabilgarri izateko. Bertan, zuzenean edukia entzuteko aukera dago, baina baita audioaren abiadura egokitzekoa, audioa deskargatzekoa eta ahots maskulinoa edo femeninoa hautatzekoa ere.