Joskintzaren inguruan arituko dira 'Bizirauten 2.0' bigarren saioan
Hemen da Bizirauten 2.0 bideopodcastaren bigarren saioa, IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak elkarlanean sortutako ekimena. Oraingoan, joskintzari buruz mintzatuko dira Ione Iruretagoiena diseinatzaile eta jostunarekin, eta Eider G. Garikano sastrearekin, abenduaren 11n, 19:00etan, Kaian dagoen Euskal Itsas Museoan.
Lehenengo saioan, argazkilaritzaren inguruan aritu ziren, Nagore Legarreta eta Joseba Parron argazkilariekin; Andrea Bosch argazkilariak eta IRUTXULOKO HITZAko langileak dinamizatuta. Pasa den hilaren 20an elkartu ziren, Tabakalerako kafetegian (Taban), 18:30ean, eta Hamaika Telebistak grabatu zuen saioa. Elkarrizketa edonork ikusi ahal izan zuen zuzenean Taban, eta laster egongo da ikusgai IRUTXULOKO HITZAko sareetan.
Bigarrenez
Joan den urtean abiatutako egitasmoa da Bizi Irauten, eta lau saio eduki zituen lehenengo denboraldiak, denak sormen prozesuari buruzkoak: Nøgen taldeko Ane Negeruela eta Alex Irazusta musikariak izan ziren lehenengo saioko gonbidatuak, Barrexerka antzerki eta umore taldeko Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta bigarrenekoak, Oihana Vesga eta Jone Amezaga dantzariak hirugarrenekoak eta Nextor Otaño eta Ainara Alkorta artista plastikoak laugarrenekoak. Hemen daude denak ikusgai.


