Laugarrenez antolatu dute 'Bizi irauten' jendaurreko elkarrizketa IRUTXULOKO HITZAk eta Bagerak

Bueltan da ‘Bizi irauten’ jendaurreko elkarrizketa, IRUTXULOKO HITZAren eta Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eskutik. Arte plastikoa da jorratuko dugun gaia, eta horretarako, Ainara Alkorta eta Nextor Otaño izango ditugu hurrengo ostegunean, apirilaren 3an, Egiako Bukowski tabernan, 19:00etan.
Inaxio Esnaola Irutxuloko Hitzako kazetariak gidatuko du elkarrizketa eta sorkuntza izango da heldulekua, berriro ere. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Laugarrenez, ‘Bizi irauten’
IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak sorturiko proiektua da Bizi irauten, sormen prozesuen inguruko elkarrizketak jendaurrean egiteko xedearekin, eta laugarren saioa da apirilekoa. Lehenengo saioa 2024ko azaroaren 28an egin genuen, Nøgen taldeko Ane Negeruelarekin eta Alex Irazustarekin. Eta, bigarrena, urtarrilaren 9an izan zen Barrexerka umore eta antzerki taldeko Mikel Irazustarekin eta Maialen Sorzabalbererekin. Hirugarrenean, Jone Amezaga eta Oihana Vesga dantzariak izan genituen gurekin, otsailaren 6an. Hamaika Telebistak, laguntzaile gisa, saioak grabatzen ditu.
Zatoz!