'Oldarraldi arrazista Aiaraldean eta Euskal Herrian: Zein da komunikabideen papera?' mahai inguruan parte hartuko du IRUTXULOKO HITZAk, Laudion
IRUTXULOKO HITZAk Aiaraldea komunikabideak antolatutako mahai inguruan parte hartuko du ostiral honetan, Argia hedabidearekin eta EHUrekin bat. Aiaraldea-ko kideak kezkatuta daude, “modu globalean hedatzen ari diren diskurtso arrazistak gure eskualdera ere heldu direlako eta nabarmenki zabaltzen ari direlako”.
Azaldu dutenez, ez dira gertakari isolatuak: segurtasuna aitzakiatzat hartuta, desinformazioa, albiste faltsuak, zein sare sozialen bidez zabaldutako mezuak nahasten dira, jarrera jakin batzuk azaleratzeko. Eta horrek eragina du gure auzo eta herrietako eguneroko bizitzan. Egoera aztertu eta testuinguruan kokatzeko, eta bereziki, komunikabideek duten paperari erreparatzeko antolatu dute eztabaida.
Arantza Gutierrez Paz – EHU
Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea da eta ibilbide luzea du komunikabideen eragin soziala aztertzen. Besteak beste, 2019ko Euskal Hedabideen Urtekarian, Migrazio eta kultur aniztasunaren tratamendua Hego Euskal Herriko tokiko euskal prentsan ikertu zuen. Desinformazioaren aurkako tailer eta ikastaro praktikoak ere eman izan ditu
Zigor Olabarria – Argia
Argia-ko kazetaria.. Euskal Herrian arrazakeriaren gorakada sakonen aztertu duen kazetarietakoa da, izan Gasteizko kasu zehatzetatik abiatuta zein begirada zabalago batekin. Esaterako, duela hilabete batzuk Bilboko Solokoetxe auzoan gertatutako erailketari El Correo egunkariak eman zion tratamendua eta horren harira zabaldutako informazio faltsuak landu zituen.
Xalba Ramirez – Irutxuloko Hitza
IRUTXULOKO HITZAko kazetaria da. Eskuin muturraren eta talde erreakzionarioen gorakadari jarraipena gertutik egin izan diogu IRUTXULOKO HITZAn. Esanguratsuak dira 2024. urtean Kaleko Afari Solidarioak ekimenaren debekuaren harira zein Lo que no te cuentan de Donosti Telegrameko talde arrazistaren jardunari lotuta egindako lanketak. Egoera horren aurrean, hiriko bizilagunek eta eragile ezberdinek emandako erantzuna ere gertutik jarraitu eta balioan jarri zuten. Hain zuzen, aurten Argia Saria jaso dugu komunikabideko kideek eginiko lan horregatik.


