Tokiko merkataritza sustatzeko Aterki atala sortu du IRUTXULOKO HITZAk

Aterki deituriko egitasmoa sortu dugu IRUTXULOKO HITZAn, gure komunitatea osatzen duten tokiko merkatarien sarea sustatzea eta bultzatzea xede duena. Establezimenduek hainbat abantaila izango dituzte, Donostiako merkataritza komunitatearen alde egiteaz gain.
IRUTXULOKO HITZAn harpideduna den establezimenduak iragarle izaera izango du, gure proiektuari babesa adieraziz, eta guk, trukean, horien sustapena bultzatuko dugu. Elkarlanean eta elkarren eskutik soilik egin dezakegulako Donostia jasangarriago baten alde.
Abantailei dagokionez, iragarleak direnak %25eko deskontua izango dute publizitatean –lehenengo iragarkia doakoa izanik–. Hala, ostiralero IRUTXULOKO HITZA jasoko dute establezimenduan eta zozketetan zein eskaintza berezietan parte hartzeko aukera dute. Gainera, errenta aitorpenean %30a itzuliko zaie.
Berrikuntza berezienak, saltokien mapa digitala eta Irakurri hemen Irutxuloko Hitza mezua duen pegatina dira, merkatariek euren establezimenduen erakusleihoetan jarri dezaketena.
Tokiko merkataritzaren estalpea den proiektu honek elkarlanean jarduteko asmoa du, “bakarrik ezin dugulako bidea egin, eta batez ere, ez garelako bakarrak”.
Mundua behetik gora kontatu nahi badugu, ikuspegi herrikoi batetik, tokikotik kontatu behar dugu. Tokikoak komunitatea eraikitzen duelako.
Babestu babesten zaituena, eta eraiki gurekin tokikoaren alde diharduen merkataritza sarea.