Pasa den asteazkenean, hilak 13, Egiako erredakziora iritsi eta IRUTXULOKO HITZAren txoko honetan urak gainezka egin zuela konturatu ginen.
Antza, komunean dagoen tutueriako hodi batek eztanda egin zuen gauean, eta hainbat orduz ibili zen ura erredakzioan gora eta behera, bost zentimetroko ur geruza sortuz. Gure bulegoko material ugari galtzeaz gain, azpian dauden lokalak ere kaltetuak geratu dira.
Gure eskerrik beroenak bidali nahi dizkiegu idatzi honetan ere, modu batera edo bestera, laguntzera gerturatu ziren bizilagunei. Komunitateak eta elkarlanak goxatzen ditu bihotzak horrelakoak gertatzen direnean.
Tamalez, oraindik ez dakigu ezusteko honen ondorio material eta ekonomikoa zenbatekoa izango den, jakina baita ura edonon sartzen eta ateratzen dela.
Komunitateak erakutsitako irakasgaia hartuz, babestu, mesedez, babesten zaituena.