IRUTXULOKO HITZA Palestinaren alde: Lanuzte Orokorra eta jarraipen berezia

Datorren asteazkenean, hilak 15, Hego Euskal Herriko sindikatuek deitutako Lanuzte Orokorrarekin bat egiten du IRUTXULOKO HITZAk.
Informatzea misio eta bokazio izanda, egun horretan lanuztearekin lotutako edukiak egongo dira soilik irakurgai webgunean, jarraipen berezia eskainiz irakurlegoari. Administrazio aldekoek, aldiz, lanuztea egingo dute 11:00-14:00 artean.
Horiek horrela, 12:30ean, 18:00etan eta 19:30ean deituta dauden mobilizazioen kronikak, irudiak eta bideoak webgunean eta sare sozialetan egongo dira ikusgai.
Bukatzeko, urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunak honako helburuak izango ditu:
- Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin.
- Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
- Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak.
- Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea.
- Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu.
- Europako Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.