Irutxuloko Hitza

Arzak jatetxeko zozketak badu irabazlea

Etxean sartuta gauden honetan, Irutxuloko Hitzak zozketa berezi bat egin du: bi pertsonentzako bazkari bat Arzak jatetxean. Pertsona askok hartu dute parte zozketan, eta dagoeneko badakigu irabazlearen izena.

arzak-restaurante

Parte Zaharreko Miren Barrenetxea Zabala bizilagunak irabazi du zozketa. Zorionak, Miren! Bi lagunentzako otordu bat irabazi duzu Arzak jatetxean!

Zozketan parte hartzeko, partaideei joko bat proposatu genien, eta bertan Donostia zenbat ezagutzen zuten erakusteko aukera zuten.

Hain zuzen, jokoa 15 galderek osatzen zuten, eta erantzun zuzena emateko, hiru aukera eman genituen. Galdera batzuen inguruan hainbat zalantza izan dituzuela adierazi diguzuenez, ideia ona iruditu zaigu zuekin errepasatzea galdetegia.

Hona hemen galderak eta erantzun zuzenak.

1- Nola deitzen dira Bidebieta auzoko jaiak?

Txanpontxo jaiak dira. Duela hogei urte baino gehiago sortu zuten Txanpontxo, Bidebietako festen ikur nagusia. Jaiak berreskuratzearekin batera, Moneda baserriaren omenez asmatu zuten pertsonaia. Izan ere, baserri hori da oraindik auzoan zutik mantentzen den bakarra. Bertara joaten ziren bizilagunak, beren txanponak gorde, jaso, aldatu edo errenta ordaintzera. Hori oinarri hartuta, Txanpontxok txokolatezko txanponez beteta eramaten du saskia jaietan. Guardaplatako aldapatik jaitsi, eta bidean zain dituen auzoko umeak agurtzen ditu. 

Txanpontxo, dotore asko, Guardaplata bidetik jaisten. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Txanpontxo, dotore asko, Guardaplata bidetik jaisten. (Argazkia: Estitxu Zabala)

2- Zein auzotan dago Bizarrain euskara elkartea?

Altzan dago Bizarrain elkartea.

3- Abesti honetako esaldi hau amaitu: “Hungariako kalderero gara”

“…etorririk Donostiara”.

Hemen duzue letra osorik!

Zein ederra, zein xarmanta
Donostiako lurra ́ta hiria
herri jator donostiarra
agurtuz dugu atsegina.

Hungariako kalderero gara
etorririk Donostiara
laster Momok argituko digu
nahiz eguna nahiz eta gaua

Inauteri alaiaren
iragarle gu gara
bai atsegina eta algara (bis)

Aizak, jozak, jozak
Aizan, jozan, jozan

Zein ederra, zein xarmanta
Donostiako lurra ́ta hiria
herri jator donostiarra
agurtuz dugu atsegina.

Herriz herri gabiltza gu be-e-ti
Ederrez begiak aserik (bis)

baina inon ez dugu ikusi
hemen bezain mutil ederrik
baina inon ez dugu ikusi
hemen bezain neska ederrik.

Gerri mehea eta liraina
Ezpainak gorri eta mardul (bis)

Gure arteko bat bazina
Zu-u-k begiez metala urtu (bis)

Bai, bai urtu; bai, bai urtu.

4- Zein urtetan izan zen lehenengo Lilatoia?

1990. urtean sortu zen, Donostiako Koordinakundea Feministaren ekimenez, eta 146 parte hartzaile izan zituen lehen aldi horretan.

lilatoia

31. Lilatoia, inoizko jendetsuena. (Argazkia: Joseba Parron / Irutxuloko Hitza)

5- Nortzuk dira Donostiako Piraten Aste Nagusiko pertsonaia nagusiak?

Ezkila eta Matti dira. Ezkila da Donostiako Piraten Aste Nagusiaren kapitaina. Partxe bat begian, zapi beltza buruan, gorri-beltz jantzia, bera da mugimenduak jorratzen dituen balioen bozeramailea. Ezkilaren itzulerak pizten du urtero festaren suziria, eta Abordatzean bera dugu pilotu eta gidari, antzinako ontzi piratetan izan ohi zen ezkilak astindu eta gertu egoteko abisu emanez.

2007an aurkeztu zuten lehenengo aldiz Ezkila Kapitaina. Donostiako iragan kortsarioa arakatuz, Campanario ezizenarekin ezaguna zen XVI. mendeko Pedro de Agirre kortsario donostiarrarekin egin zuten topo. Hitz joko bihurri bat dela medio, Ezkila Kapitaina izena eman zioten haien ikurrari. Urte osoan Pedro de Agirre Campanariok bazuen bere gotorlekua, Belisa izeneko irla. Ezkila kapitainak ere badu berea: Santa Klara uhartea. Aste Nagusiari hasiera emateko, itsasontziz Santa Klaratik egiten du bidaia Txupina botatzeko. Urtero, Ezkila Kapitaina Donostiako Piraten Kofradia baten bidelagun izan ohi da.

Ezkila Kapitainak, laguntzaile baten beharra zeukala otu zitzaien piratei. Figura hau, interesgarriak diren ekimenek edo haien balioekin bat datorren lana egiten duten eragile, elkarte edo talde batek ordezkatu ohi du. Matti izena eman zioten, 1615. urtean Islandian bidegabeki erail zuten Martin de Villafranca Donostiako kapitaina gogoan, baina Martin eta Maddi izenen arteko jolasa eginez, izenak genero neutroa izan dezan.

6- Zein da Donostian soilik dagoen narrastia?

Sugandila. Gipuzkoako hiriburuak ere badu bere irlatxoa, Santa Klara. Bai eta garai batean irla izan zena ere: Urgull mendia. Bi horietan dauden sugandilak lupaz begiratu izan dituzte urteetan zehar adituek. Izan ere bertako sugandilak, sugandila arrea (Podarcis liolepis) izenekoak, ezberdinak dira ingurukoekiko: handiagoak, sendoagoak, ilunagoak kasu batzuetan… eta berezitasun horiek bultzatu zuten 1980ko hamarkadan azpiespezie ezberdintzat hartzera: Podarcis hispanica sebastiani jarri zioten izena. Azken urteetan egindako ikerketek azpiespeziea dela dudan jarri badute ere, inork ez du ukatzen Urgulleko sugandilak bereziak direnik.

7- Zer egiten zuen Katalina Eleizegik?

Katalina Eleizegi Maiz (Donostia, Gipuzkoa, 1889ko apirilaren 6a – Lizarra, Nafarroa, 1963ko azaroaren 19a) euskal idazlea izan zen. Bere garaian oso harrera beroa izan zuten bere antzezlanek kritikari eta ikusleen aldetik.

8- Zein filmek irabazi zuen Urrezko Maskorra 2019ko Donostiako Zinemaldian?

Pacificado filmak, Paxton Winters zuzendari estatubatuarrarenak. Brasilgo faveletako bizitzari buruz eginiko pelikulak eskuratu zuen 67. Zinemaldiaren sari nagusia.

9-Non zegoen Donostiako Udalaren aurreko eraikina?

Donostiako Udalaren aurreko eraikina Konstituzio Plazan zegoen. Ezaugarri nagusitzat arkupeak dituen plaza honetan ospatu ohi dira hiriko jai handiak. Bertan dago, halaber, Donostiako Udaletxe zaharra, gerora Udal Liburutegi izandakoa. Gaur egun Donostia Kulturaren bulegoekin batera Liburutegiaren funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude bertan.

konstituzio plaza arzak zozketa irutxuloko hitza

10-Zein da Donostiako eraikin altuena?

Galdetegian zalantza gehien sortu duen galdera izan da. Parte hartzaile askok Atotxako dorrea Donostiako eraikin altuena dela uste baitzuten, baina ez da horrela. Egiako eraikina bigarren postuan dago. Artzain Onaren eraikina da altuena.

11-Zein arraun taldek irabazi du nesken kategorian Kontxako bandera bost aldiz?

2008tik aurrera emakumezkoek ere traineru estropadak jokatzen dituzte. San Juango Batelerek bost aldiz irabazi dute Kontxako Bandera.      

san juango batelerak irutxuloko hitza                                                                         

12- Nola deitzen zioten iraganean arrantzaleek Donostiari?

Irutxulo deitzen zioten. Itsasotik begiratuta, Zurriola, Kontxa eta Ondarreta hiru «zulo» edo sarbide direlakoan.

13- Zein zenbaki du Igeldora joaten den autobusak?

16. linea da.

14 – Nola deitzen da Intxaurrondoko gaztetxea?

Letaman izena du. 1995an, Intxaurrondo ikastola beste eraikin berri batera joan zenean, auzoko gazteek eraikina okupatu zuten, biltzeko eta antolatzeko leku baten premia baitzuten. Larrotxene kultur etxearen ondoan dago gaztetxea. Egungo gune autogestionatuaren eraikina, ordea, ez da berdin mantendu –udalak Letaman fabrika zenaren eraikina eraitsi zuen, 2007an–.

Traganarruen bilera bat, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean. (Argazkia: Traganarruak kofradia)

Intxaurrondoko Letaman gaztetxea.

15 – Zein da Urumea zeharkatzen duen hirugarren zubiaren izena (itsasotik hasita)?

Urumea zeharkatzen duen lehenengo zubia Zurriolakoa da; bigarrena Santa Katalinakoa; eta hirugarren zubiaren izena Maria Kristina da.

1893. urtean, zurezko behin-behineko pasabidea egin zuten, hiriaren erdialdetik Norteko geltokira, zezen-plazara edo Belodromora zuzenean joateko. Behin betiko zubia 1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, San Sebastian egunean. Zubiak lau obelisko monumental ditu muturrean. Obeliskoek 18 metroko altuera dute eta, goialdean, eskultura-multzoak dituzte.

maria kristina zubia irutxuloko hitza

Zenbateraino ezagutzen duzu Donostia?  jokoa oso arrakastatsua izan da, eta jende askok parte hartu du. Arrakasta ikusita, urte guztian joko honen bigarren edizioa egiten pentsatu dugu. Beraz, gustukoa izan baduzu, lasai egon, berriz parte hartzeko aukera izango duzu eta!