Irutxuloko Hitza

Astekaria guztiontzat eskuragarri!

IRUTXULOKO HITZAk kontuan hartu du herritarrak euren etxeetan konfinatuta egon behar dutela, eta guztiak informatuta egon daitezen, Donostiako komunikabideak hemeroteka zabalik jarri du irakurle guztientzat.

irutxuloko hitza astekaria

Ia hiru aste pasa dira koronabirusak eragindako krisia dela eta, Espainiako Gobernuak estatu osoan alarma egoera ezarri zuenetik. Orain, balkoiak bihurtu dira ohiko taberna eta kale. Askok lantokia utzi behar izan dute etxetik lan egiteko eta beste batzuek, ordea, lantokietan jarraitzen dute edo lan gabe geratu dira. Horrenbestez, ukaezina da koronabirusak gizartean eragin handia izan duela.

Hori dela eta, IRUTXULOKO HITZAk kontuan hartu du herritarrak euren etxeetan konfinatuta egon behar dutela, eta guztiak informatuta egon daitezen, Donostiako komunikabideak hemeroteka zabalik jarri du irakurle guztientzat. Horrela, HITZAkide ez direnak ere hirian gertatzen ari dena auzoz auzo gertutik jarraitzeko aukera dute.

Beste era batera esanda, bizi dugun egoera honetan, kalitatezko eta gertuko edukia eskaintzen jarraitzeko ardura du IRUTXULOKO HITZAk. Ondorioz, irakurle guztiek dute astekaria eskuragarri PDF formatuan. Gainera, askok etxean patxadaz irakurtzeko denbora gehiago izango dutenez, elkarrizketa eta erreportaje sorta interesgarriak eskuratzeko modua ere bada.

Non dago eskuragarri?

Irutxulo.hitza.eus webgunean, eskuineko aldean, azken astekariaren azala ikus daiteke;  han klik eginda azken zenbakia jaitsi daiteke modu errazean.

Baina atzera jo nahi izanez gero, Irutxulo.hitza.eus/hitzakide/izan loturan ‘Hemeroteka’ atalean klik eginda, IRUTXULOKO HITZAren astekari guztiak aurki daitezke; lasai eta gustura irakurri ahal izango dituzu, bai koronabirusari buruzko edukiak, eta baita bestelako erreportaje eta gai jorratuak ere.

Besteak beste, hau da IRUTXULOKO HITZAK egiten duen proposamena.