Irutxuloko Hitza

Azaroaren 30ean, Irutxuloko Hitza ere grebara

Azaroak_30_greba_feminista

Datorren ostegunean Euskal Herria geldituko da. Zaintzaren kolektibizazioa bandera duen greba feminista orokorrak egungo gizartean errotuta dauden mekanismo zapaltzaileak kolokan jarri eta beste eredu baten aldeko apustua eta grina mahaigaineratzen ditu.

Zaintzaz jarduten dugunean, patriarkal, prekariotasun, pribatizazio eta kolapso aditzondoak idazten ditugu gure albisteetan. Osasuntsu ez dagoen arazo integralak makina bat lerroburu eta orrialde bete dizkigu eta, tamalez, betetzen jarraituko dute. Irutxuloko Hitzan, aldiz, egungo zaintzaren krisia eta honen kalitatezko kontakizun feministaren berri emateko bokazioa dugu.

Bi mundu ezberdin diruditen arren, zaintzak eta kazetaritzak badituzte erpin ugari komunean. Gure espazio honetan prekarioak gara, lehiakortasun amaigabe batean larrituta bizi gara, kontziliazioa zer den ahaztera behartuta gaude eta tentsiopean lan egitera ohitu behar izan gara. Kazetaritza ona egin asmoz, ezin dugu atseden hartu, ezin gara gaixotu, ezin dugu beste lehentasunik izan, ezin dugu deskonektatu.

Gainera, gizon lurrin itogarriz bizi behar dugu. Prentsa areto eta ekitaldietan jasan beharreko mespretxu eta mendekotasuna izugarria da. Goitik behera begiratzen gaituzte, epaituak eta gutxietsiak gara, uneoro. Patriarkatua eta infantilizazioa errotuta dituen komunikazio munduan ere badago zer airatu. Horregatik, ez dugu besoak gurutzaturik gelditu nahi. Irutxuloko Hitzan langile eta feministak gara, eta grebara deituak garela sentitzen dugu.

Azaroaren 30ean grebaren berri eman ahal izateko, egun bat lehenago, azaroaren 29an, kazetarien eta diseinatzailearen jarduna geldituko da, planto eginez. Egun horretan ez da ezer argitaratuko Irutxulo.hitza.eus webgunean, eta, horrela, ostegunean, Donostiako kale eta auzoak zeharkatuko dituen greba feminista orokorraren jarraipena egiteko eta horren berri emateko konpromisoa hartzen dugu, mugimendu feministak estaldura mediatikoa merezi baitu. Grebaren inguruko informazioa baino ez dute argitaratuko kazetariek hilaren 30ean, eta egon daitezkeen gainontzeko albisteetan zerbitzu minimoekin arituko dira. Administrazio arloko langileek, aldiz, hilaren 30ean bertan geldituko dute euren jarduna, eta, beraz, ezingo diete zerbitzurik eman Hitzakideei, iragarleei edo bestelakoei.

Historian gertatzen diren mugarri eta eraldaketa garrantzitsuen berri emateko ilusioa izan ohi dute kazetariek, eta guk gure mundu txikian gertatzen ari den olatu feministaren berri eman nahi dugu. Bokazioz, baina baita konbikzioz ere, Irutxuloko Hitza ere grebara!