Irutxuloko Hitza

Bidea egiten jarraitzeko bi diru laguntza jaso ditu Irutxuloko Hitzak

Erredakzioa

COVID-19ak hankaz gora jarri ditu guztion bizitzak, eta sektore askotan nabarmenak izan dira pandemiaren eraginak. Ezohiko egoerari aurre egin nahian, erakunde publikoek inoiz hartu gabeko neurriak ezarri dituzte, esaterako, konfinamendu neurriak eta ezinbestekoak ez diren jarduera sozial eta ekonomikoak etetea. Bada, komunikabideak ere ez daude salbu, ezta Irutxuloko Hitza ere.

Pandemiaren hasieran, lehen mailako zerbitzu izendatu zituzten hedabideak. Horren aurrean, irakurleei informazio zuzena, fidagarria eta eguneratua helarazteko erronkari eutsi dio Irutxuloko Hitzako lantaldeak. Horretarako, lan egiteko modua aldatu behar izan dute hedabideko langileek, izan ere, taldearen segurtasuna bermatzeko eta arduraz jokatzeko lehen neurria izan zen telelana ezartzea, eta horrek nabarmen eragin du hedabidearen egunerokotasunean.

Esaterako, kazetariek zailtasunak izan dituzte gaurkotasunaren jarraipena egiteko, konfinamendu neurriek bertatik bertara gertakarien berri emateko oztopoak eragin dituzte eta. Azpimarratzekoa izan da ere COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean sortu den informazio uholdea, eta horren aurrean profesionaltasunez jokatzeko kazetariek bilatu behar izan dituzten baliabideak.

Bestalde, nabarmenak izan dira Irutxuloko Hitzarengan pandemiak eragin dituen kalte ekonomikoak, besteak beste, egoerak hedabidearen ohiko diru iturriei ere eragin dielako. Hori dela eta, hedabidearen bideragarritasuna bermatzeko moduak bilatu ditu Irutxuloko Hitzak, eta bi diru laguntza eman dizkiote.

Diru laguntzen sostengua
Alde batetik, Europako Kazetaritza Zentroak (EJC) COVID-19aren pandemiaren aurrean komunitateei eta tokiko hedabideei laguntzeko sortutako diru laguntza bat eskuratu du Irutxuloko Hitzak; hain zuzen, «larrialdi egoeran sortutako beharrei» erantzuna emateko 25.000 euroko laguntza da. Honela azaldu du erakundeak diru laguntzaren helburua: «Funtsaren asmoa da oinarrizko finantzaketa eskaintzea, komunitatearen eta hedabidearen konpromiso egitasmoei laguntzeko, behar kritikoei aurre egiteko, eta COVID-19 pandemiaren inguruko kazetaritza estaldura berritzailea errazteko». Orotara, 1.857 eskaera izan ditu EJCk, eta horietatik 988 izan dira larrialdi egoerari aurre egiteko laguntza eskatu dutenak. Hori horrela, guztira 57 erakunde lagunduko dituzte Europa osoan; tartean, Espainiako Estatuko bost hedabide eta Euskal Herriko bi: Irutxuloko Hitza eta Pikara Magazine.

Eskaera egiterakoan, Donostiako hedabideak jakinarazi zuen krisiaren ondorioz publizitatearen diru sarrerak nabarmen jaitsi direla. Esaterako, urtero argitaratzen diren hainbat gehigarri bertan behera utzi behar izan dira, eta horiei esker eskuratu ohi diren diru sarrerak galdu dira. Hain zuzen, hedabideak publizitatean zehaztuta zituen helburuen %50 edo gehiago galduko duela aurreikusten da. Publizitatea jartzen duten bezero gehienak hiriko zerbitzu eta saltoki txikiak dira, eta horiek ere gogor jo ditu pandemiak. Azpimarratzekoa da horietako asko aurreko krisialdi ekonomikotik erabat osatu gabe daudela, eta horregatik, are zailagoa izango dela haientzat aurrera egitea. Horiek ere Irutxuloko Hitzaren komunitatearen parte dira, eta EJCk garrantzia eman dio horri, zalantzarik gabe.

Irutxuloko Hitzak une polita bizi zuen COVID-19a iritsi zenean, izan ere, aldaketa garrantzitsuak egin ditu hedabideak azken denboran: besteak beste, astekariaren formatua eta diseinua berritu ditu, eta harpidetzak lantzeaz eta proiektuaren sustapenaz arduratzeko lankide berri bat kontratatu du . Pandemiaren ondorioz, baina, hedabidearen zabalpenerako aurreikusitako hainbat egitasmo ere bertan behera utzi behar izan dira, gehienbat harpidetzei lotutakoak. EJCk hori ere kontuan hartu du diru laguntza ematerako garaian.

Halaber, eskaera egiterako orduan, erredakzioko kideen lan kargaren areagotzea argudiatu du hedabideak, eta pandemian zehar egindako lanari balioa eman nahi izan dio. Izan ere, aktualitatearen jarraipena egiteaz gain, egoerara eta irakurleen beharretara egokitutako edukiak sortu ditu hedabideak, esaterako, konfinamenduari begirako entretenimenduzko edukiak.

Tokiko hedabideen aitortza
Beste aldetik, Googlek Larrialdi Egoeran Kazetaritzari Laguntzeko Funtsa atera zuen apirilean, eta Irutxuloko Hitza izan da hori jaso duen hedabideetako bat. Funts ekonomikoaren atzean koronabirusa badago ere, multinazionalak azpimarratu du laguntzen helburua dela tokian tokiko informazioa lantzen duten eta beste inon argitaratzen ez den informazioa jorratzen duten komunikabide txiki eta ertainen lana sustatzea eta bultzatzea. Horrela, mundu osoko ehun herrialdetatik gorako 12.000 hedabidek egin dute eskaera. Deialdira aurkeztu diren komunikabideek ezin izan dute diru kopuru zehatz bat eskatu, eta aurkeztutako proiektuen arabera, Googlek aukeratu du hautatutako bakoitzari zenbateko laguntza eman. Donostiako hedabideak 5.000 dolar jasoko ditu.

Aurrera begira, indartsu
Lehenago argi bazegoen ere, diru laguntzen eskaera egiteko erabili diren arrazoiek argi erakusten dute hedabideek betetzen duten funtzio soziala, are gehiago euskara hutsean aritzen direnean. Horregatik, pandemiak eragindako ondorio negatiboen aurrean bi diru laguntza horiek jasotzeak etorkizunera begira jartzeko aukera bermatzen dio Irutxuloko Hitzari. Gainera, lantaldea bere horretan mantendu, eta aurrera begirako urratsak denok batera emateko aukera ahalbidetzen dute laguntza horiek. Azken finean, hedabidearen misioa da donostiarrei tokiko informazioa euskaraz eman eta partekatzeko komunitatea eskaintzea, eta lantaldeak tinko eutsiko dio horri eta lanean gogoz eta ilusioz jarraituz; bide horretan, eskuratutako diru laguntzek paper garrantzitsua beteko dute, proiektuaren osasuna bermatu ahal izateko. 


Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrena, pandemia betean

Koronabirusak bete-betean harrapatu du Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrena, eta gaurkotasunaren jarraipena baldintzatzeaz gain, hedabideak urteurrenerako antolatutako hainbat jarduera etetera behartu du pandemiak. Birusak birus, aurtengoa urte berezia da Irutxuloko Hitzarentzat, eta urri aldera, hamabost urteak ospatzeko antolatutako jardueretako batzuk egitea aurreikusten du lantaldeak. Egoerak hala uzten badu, bere komunitatearekin eta nahi duten guztiekin topa egingo du
Irutxuloko Hitzak. Beste hamabost baietz!