Donostiako KORRIKAko arduradunarekin elkartu gara
23. Korrikaren atarian, hiriko arduraduna den Aitziber Otegirekin izan gara, gure babesa adieraziz.
KORRIKA bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da, oso ekimen babestua eta maitatua, zalantzarik gabe. Bertan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, KORRIKAren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia egin arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi ditu.
Horregatik, euskara sustatzeko eta babesteko konpromisotik, “Harro Herri” lemapean Donostia zeharkatuko duen 23. KORRIKA lagunduko dugu. Irudiz, albistez eta abarrez, haren ospea hirian zehar zabalduko dugu.