Gaur estreinatuko da 'Negu hurbilak' filma, IRUTXULOKO HITZAk babestua
Otsailaren 23an estreinatuko dute filma Principe Aretoan.
Jone Laspiur eta Xalba Ramirez donostiarrak lantaldean dituen Negu hurbilak filma ostiral honetan (hilak 23) iritsiko da zinema aretoetara. Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da, eta Mikel Ibargurenek, Ekain Albitek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak zuzendu dute. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zuzendariekin batera, Xalba Ramirez ere aritu da filmaren gidoia idazten.
Zubietan (Nafarroa) egin dituzte grabaketa lanak, eta bertako herritarrak ere aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur aktore donostiarra –2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna– izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Kalatanak) izan ditu ekoizle, eta IRUTXULOKO HITZA dago filmaren babesleen artean. Hain zuzen ere, Principe zinema aretoko estreinaldirako (hilaren 23an, 19:15ean) bost sarrera bikoitz zozkatzen ari da hedabide hau bere hitzakideen artean, eta hemen hartu dezakezue parte zozketan.