Irutxuloko Hitza

IRUTXULOKO HITZA ere Euskaraldiarekin bat

IRUTXULOKO HITZAk 2020ko Euskaraldian entitate gisa hartuko du parte, eta taldeko kide guztiek hedabidearen ariguneak aztertu dituzte Euskaraldiaren ostean ondorioak atera eta beharrezkoak ikusten dituzten neurriak hartzeko.

euskaraldia irutxulo

2020ko Euskaraldia ate joka dago, eta aurtengoak berrikuntzak dakartza helburuen eta lan egiteko moduaren arloetan. Aurten, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, izan ikastetxeak, hedabideak, enpresa pribatuak, instituzio edo erakunde publikoak. Entitate horiek izena eman behar dute, eta horretarako azken eguna irailaren 27a da. Donostian 55 entitatek emana dute izena  azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den edizioan parte hartzeko.

Honen helburu nagusia entitateek barne ariketa egitea da, ondoren beharrezkoak ikusten dituzten neurriak hartzeko. Entitateek haien barne edo kanpo ariguneak identifikatu beharko dituzte; hau da, entitate barruan edo herritarrekin duten harremanean euskara hitz egiteko bermea dagoen ala ez ikusi beharko dute. Ariketa hori egin ostean, identifikatutako hutsuneetan hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak hartu beharko dituzte.

IRUTXULOKO HITZAk euskararen normalizazioarekin konpromisoa duenez, 2020ko Euskaraldian parte hartzeko erabakia hartu du entitate gisa. Hau dela eta, lankideek zein arigune dituzten identifikatu dituzte haien artean.

Barne ariguneen artean, lantaldeak osatzen duena identifikatu dute IRUTXULOKO HITZAko kideek. Taldeko kide guztiak euskaraz komunikatzen dira laneko gai oro lantzeko, horrela, egiten diren bilera eta prozesu guztietan euskara da erabiltzen den hizkuntza. Hori dela eta, barne arigune bakarra idetifikatu dute, lantaldeko kide guztien artean gertatzen diren harremanak barnebiltzen dituen arigunea, hain zuzen ere.

Kanpo ariguneei dagokienez, hiru dira identifikatu dituzten ariguneak. Lehenik eta behin, bezeroekin sortzen diren harremanak hartu dira kontuan. Bezeroekin erabilienak diren bide komunikatiboak telefonoa eta helbide elektronikoa dira, are gehiago pandemiaren testuinguruan. Bulegora telefono deiak iristen direnean euskaraz egiten dute beti lehenengo hitza, eta deitu duenak euskaraz baldin badaki edo ulertzen badu, hau da, belarriprest edo ahobizi bada, elkarrizketak euskaraz jarraitzen du. Beraz, HITZAkideekin edo hedabidearekin kontaktuan jartzen den edozeinekin euskaraz egiten da beti arreta IRUTXULOKO HITZAn, baita mezu elektroniko bidezko komunikazioarekin ere. Iragarleekin gauza bera gertatzen da, taldeko komertzialak bezeroekin euskaraz lasai hitz egiteko gunea eskaintzen baitu beti.

Beste kanpo arigune bat kazetariek elkarrizketatuekin duten tratuari dagokio. Izan ere, HITZAko kazetariek lehenengo hitza euskaraz egiten dute beti, eta elkarrizketatua ahobizi edo belarriprest bada, harremanak hizkuntza horretan jarraitzen du. Kanpo ariguneekin amaitzeko, IRUTXULOKO HITZAren ordezkaritza dugu: proiektua hainbat motako eragileren aurrean ordezkatzen denean, izan instituzioetan edo ekitaldietan, euskara hutsean egiten da.

Horrez gain, IRUTXULOKO HITZAk Euskaraldian entitate gisa parte hartu dezan, lantaldeko kideak ere norbanako gisa parte hartzaileak izango dira; hau da, denak izango dira ahobizi. Ulertzen ez duenari euskaraz hitz egingo diote berak erdaraz erantzun arren, eta ulertzen duenari euskaraz egingo diote.