Irutxuloko Hitza

Irutxuloko Hitzak bat egiten du bihar Donostian egingo den 'Euskara aurrera' manifestazioarekin

Urtez urte euskaldun guztion artean egiten dugun esfortzu eta lanak euskarari behar zuen indarra eman dio, baina oraindik ere, euskara ez da hizkuntza normalizatua ez Donostian eta ez Euskal Herrian.

Euskarari garai berrietara egokitzen laguntzeko eta gure hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa da guztion artean egiten dugun lana. Euskaraz bizi ahal izateko, euskarak herri  bultzada behar du, aurrera egin behar dugu euskararen izenean.

Donostia euskaldun bat eraiki nahi dugu, non gure hizkuntza edonon ikusi, erabili eta sentitu dezakegun. Donostiar euskaldun guztion hizkuntza eskubidea babestu nahi dugu. Euskaraz bizi nahi dugu.

Irutxuloko Hitzak Donostiako euskararen normalizazioan eragiteko helburua du, euskara bizitzako espazio guztietara eramateko eta donostiar guztiek euskaraz informazioa jasotzeko aukera bermatzeko. Euskara donostiarren kohesiorako lokarria izatea nahi dugu Irutxuloko Hitzan, donostiarren erronkei kolektiboki erantzuteko.

Larunbateko Euskara aurrera manifestazioak zabala eta askotarikoa izan nahi du. Bakoitzak nahi duen moduan aldarrikatu dezake euskara aurrera bultza nahi duela: pankartekin, kamisetekin, banderolekin…

Larunbatean 17:30ean elkar ikusiko aukera izango dugu Antiguako tunelean.

Etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiok, aldarrikatu dezagun #EuskaraAurrera !

 

Askotariko atxikimenduak

Gazte Euskaltzaleen Sareko kide batzuek abiatu zuten ekimena, eta euren zen manifestazioa guztiona izatea, “etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiona”. Kulturgintzako, euskalgintzako eta kirol alorreko aurpegi ezagun askok babestu dute ekimena. Aurkezpen prentsaurrekoan honako hauek izan ziren: Oinatz Bengoetxea pilotaria, Yogurinha Borova (trabesti eta kultur- ekintzailea), Lorea Agirre (Jakin aldizkariko zuzendaria), Sua Enparantza (aktorea), Joanmari Larrarte (Elkarekoa) eta Oier Sanjurjo (Osasunako futbolaria).

Orduz geroztik, atxikimenduak eta babesak biderkatu egin dira eta sare sozialetan hainbat ezagunen atxikimenduak ikusi ditugu. Adibidez: Itziar Ituño (aktorea); Gaizka Garitano (Eibar FTko entrenatzailea); Athletic FTko nesken taldeko zenbait jokalari; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; Bixintxo Bilbao (pilotaria); Edurne Azkarate (aktorea); Maider Zabalegi (musikaria); Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia (aktoreak); Olatz Salvador (abeslaria); Omar Diop (aktorea); Liher musika taldea; Eneko Sagardoy (aktorea); Nerea Ibarzabal (bertsolaria); Kukai dantza konpainia; Pello Reparaz (musikaria).

Aipatutakoez gain, Donostian, Bagera elkarteak, Altxa mugimenduak eta Liher musika taldeak eman dute atxikimendua, besteak beste.