Kulturartekotasuna lantzeko atal berria: ‘Ongi etorri auzora’
IRUTXULOKO HITZAn atal berri bat aurkeztuko dugu ostiraleko astekarian, hirian kultur aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzeko: Ongi etorri auzora. Hilabetean behin, jatorri ezberdineko bizilagun bat elkarrizketatuko dugu, auzoarekin duen harremanaz gehiago jakiteko.
IRUTXULOKO HITZAn atal berri bat aurkeztuko dugu ostiraleko astekarian, hirian kultur aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzeko: Ongi etorri auzora. Hilabetean behin, jatorri ezberdineko bizilagun bat elkarrizketatuko dugu, auzoarekin duen harremanaz gehiago jakiteko. Donostia bizileku aukeratu dutenei ongi etorria emateaz gain, Donostiako gainontzeko herritarrei geure auzoak ezagutzeko gonbita egin nahi diegu atal honen bitartez.
Kulturartekotasuna lantzeko helburuarekin sortutako atal hau Ongi Etorri Eskolara elkartearekin egingo dugu elkarlanean. Gaiak proposatu eta kulturarteko begirada egoki txertatzen lagunduko digute kazetarioi.
Hiriaren argazkia
Donostian bizi diren nazioarteko pertsona migranteen kopurua nabarmen aldatzen da auzoz auzo: 2021eko datuen arabera, 140 herrialdetatik etorritako 16.277 biztanle bizi dira hirian, 2020an baino 270 gehiago. Hortaz, jatorri ezberdineko hiriko biztanleen %8,7 dira, Donostiako Udalaren datuen arabera (2020an %8,5 ziren).
Eta, jakina den moduan, banaketa desorekatua da auzoz auzoko datuetako mapari erreparatzen badiogu. Amara Berri da jatorria beste herrialde batean duten pertsona gehien bizi diren auzoa; guztira, 2.879. Nikaragua, Honduras, Kolonbia eta Txina dira, hurrenez hurren, jatorrizko lau herri nagusiak. Erdialdean 2.467 bizilagun berri daude, eta hauen jatorri nagusia Honduras, Nikaragua, Italia eta Kolonbia dira. Altzako 1.913 bizilagun etorkinen jatorri nagusia, aldiz, Maroko, Nikaragua, Honduras eta Errumania dira.
Errenta altuagoko auzoetan asko aldatzen da errealitatea. Antiguan 923 pertsona etorkin bizi, eta hauen jatorria Nikaragua, Italia, Frantzia eta Alemania dira. Eta Aieteko 735 etorkinak Italia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batukoak dira. Izan ere, jatorriak baino gehiago, errentak banatzen ditu Donostiako auzoen errealitateak.
Tokiko hedabideon erantzukizuna
IRUTXULOKO HITZAn uste dugu tokiko kazetaritzak zubiak eraikitzen lagundu behar duela, komunitateen arteko harremana sustatuz. Uste dugu Donostiako euskalgintzak erronka handia duela kulturartekotasunaren kudeaketan, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu norabide honetan.
Lantaldean gure elkarrizketa eta erreportajeetako protagonistei erreparatu diegu, eta konturatu gara ez dugula hiriaren errealitatea behar bezala islatzen. Azkeneko lau urteetan astekarian eskainitako azaletan desoreka nabarmena da, adibidez. 2018tik 224 astekari argitaratu ditugu, eta, horietatik, soilik zortzitan izan da pertsona migranteen presentzia gai nagusian; hau da, %4 besterik ez.
Aipatu gaietan, gainera, pertsona migrantea ez da beti izan gaiaren protagonista. Ikuspegi kuantitatibotik, zein kualitatibotik, desoreka nabarmena da, Donostiaren errealitatea kontuan edukita.
Ongi Etorri Eskolara-rekin elkarlanean
Ongi Etorri Eskolara egitasmoa Elkarrekin gizarte ekintzako kooperatibaren baitako egitasmoa da, batez ere gizarte arloko emakume profesionalez osatua soziologoak, psikologoak, gizarte hezitzaileak eta gizarte langileak. Ikerketa soziala egiten dute, eta gizarte inklusio arloko esku hartze eta sentsibilizazio proiektuak diseinatu eta gauzatzen dituzte hainbat kolektiborekin: pertsona migratuekin, bazterketa arriskuan dauden pertsonekin, adingabeekin eta abarrekin. Une honetan, hainbat proiektu dituzte martxan, besteak beste, Ongi Etorri Eskolara egitasmoa, eskolan kulturartekotasuna zeharka lantzen duen proiektua: ikasleekin, irakasleekin, familiekin eta esparru komunitarioan.