Irutxuloko Hitza

Mahala Geuria denda, IRUTXULOKO HITZAren alde

Euskararen aldeko konpromiso argia duen komertzioa da Bulebarreko Mahala Geuria, eta bere egunerokoan erakusten du hori. Ildo horretatik, IRUTXULOKO HITZA babestea erabaki du baserriko produktuen dendak.

mahala1

Duela bi urte ireki zuten Bulebarrean Mahala Geuria denda, eta, bertan, baserriko produktuak sartzen dituzte. Establezimenduan sartzean, agerikoa da arduradunek garrantzi berezia ematen diotela euskararen presentziari, euskaldunak eta euskaltzaleak baitira: kartel eta bestelako idatzizko elementu guztietan euskara da lehenengo hizkuntza eta lehentasuna duena, eta langileek euskaraz egiten dute lehenengo hitza, beti: «Gure filosofia da gure produktua babestea, eta horrekin batera dator gure hizkuntza babestea; bidea hori dela oso argi daukagu, hasieratik. Horregatik, saiatzen gara bezeroei beti euskaraz egiten eta euskarazko komunikazioa bultzatzen», azaldu du Oihan Arrospide arduradunak.

mahala3

Euskara da lehenengo hizkuntza Geuria Merkatua dendako karteletan eta bestelakoetan.Beñat Parra

Dendako hizkuntza paisaia euskalduna izateaz eta lehenengo hitza euskaraz egiteaz gain, harago joatea erabaki zuten iaz: bezeroek euskaraz eskatuta erositako produktuengatik jasotako diruaren %0,5 euskararen sustatzaileak babestera bideratzea: «Iaz Korrika egon zenez, egokia iruditu zitzaigun dohaintza hara bideratzea».

Apustu bera egin dute aurten, eta, hain zuzen ere, diru horrekin IRUTXULOKO HITZA babestea erabaki dute: «Gure dendako bezeroa Donostiakoa da eta, bertako produktuak saltzen ditugunez, uste dugu gure balioekin bat datorrela bertako hedabidea babestea, plataforma oso egokia delako. Gure bezeroa euskalduna da, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, hori indartzen. Gure bide bera jarraitzen duen hedabide bat dela iruditzen zaigu, eta garrantzitsua da babestea», nabarmendu du dendako arduradunak. Zehazki, 1.057 euroko dohaintza egin dio Mahala Geuria dendak hedabide honi, eta elkarlana harago ere badoa: dendan erosteko bonuak zozkatuko ditu astero IRUTXULOKO HITZAk.

Euskararen erabilera sustatu nahi du Mahalak horrela, izan ere, Arrospideren ustez, horretarako «behar handia» dago oraindik ere: «Denok daukagu ohitura lehenengo hitza gazteleraz egiteko, eta, guretzat, oso garrantzitsua da lehenengo hitza euskaraz egitea. Gero eta gutxiago egiten den zerbait dela iruditzen zaigu. Aldiz, elkarrizketan euskarazko hitzen bat sartzerakoan, konturatzen gara besteak euskaraz badakiela, eta euskarara pasatzen gara. Bidea da lehenengo hitza euskaraz egitea, argi dugu».

Izozkiak, bertako produktuak, eta abar

Hainbat atal ditu Mahala Geuria dendak, arduradunak zehaztu duenez: «Uda partean, bereziki, garrantzi handia ematen diegu gure izozkiei, momentuan prestatzen dizkiogunak bezeroari. Beste atal batean bertako produktuak ditugu, Euskal Herrian ekoiztutako produktuak babesteko [saltzen dituzten produktuen %99 Euskal Herrian ekoitziak dira]. Eta, beste atal batean, prestatutako janaria daukagu egunero. Bi sukaldari ditugu, Leitzakoa bat eta Beasaingoa bestea, eta, lehengaiak asko zainduz, sukalde propioa daukagu». Egunerokoan zein egun berezietan behar den ia guztia aurkitu daiteke Mahala Geurian eta, tamalez, horren ohikoa ez dena egin daiteke: euskara babestuz egin daitezke erosketak.

mahala

Oihan Arrospide Geuria Merkatua dendako arduraduna, izozki bat prestatzen.Beñat Parra