Soziolinguistika Klusterren “Itzulinguru” proiektuan parte hartuko dugu
Irutxuloko Hitzak 'Itzulinguru' ikerketa-ekintza egitasmoan parte hartuko du, euskararen sustapen eta zabalkundean dugun konpromisoa berretsiz.
Hizkuntza-teknologien azken aldiko garapenak pertsonen eguneroko bizimoduan aldaketak ekarri dituzte eta hurrengo urteetan are aldaketa handiagoak ekarriko dituztenaren ustea oso zabaldua dago. Adimen artifizialaren bidetik, pertsonen gero eta jarduera gehiago teknologiak mediatizatuak izango dira.
Hizkuntzei dagokienez ere eragina berebizikoa izango dela aurresan daiteke. Hizkuntza gutxituaren ikuspegitik, euskara egoera soziolinguistiko zaurgarrian dagoela kontuan harturik, era honetako aldaketa global eta sakonen eragina hil ala bizikoa izan daiteke. Euskararen biziberritzearen eta soziolinguistikaren begietatik, beraz, hizkuntza teknologien eragina, teknologia hauen aplikazioa eta erabilerak interes biziko aztergaiak dira. Proiektu hau bide horretatik proposatutako ikerketa-ekintza egitasmoa da.
Hedabideon partetik, zuzenean eragiten eta eragingo digun errealitate baten aurre estreinaldian gaude. Hizkuntz handien itzalpean lan egiten dugun euskarazko hedabideok, lan-karga eta –tresna gehiago behar izaten ditugu gure egunerokoan informazioa euskaraz eman ahal izateko.
Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateko Innoklab ikerketa taldea dira Itzulinguru proiektuaren sustatzaileak. Gainera, Osakidetza, Hezkuntza Saila, Elhuyar, Hekimen eta AEK erakundeek ere parte hartzen dute, 2023 eta 2024 urteetan zehar garatzen ari den proiektuan. Gaur egun gizarteko eremu desberdinetan itzultzaile neuronala nola erabiltzen den eta euskararen erabileran zein ondorio dituen aztertuko da alde batetik. Beste alde batetik, itzultzailea erabiltzeko modu desberdinak praktikan jarriko dira proban denetariko 25 erakunde baino gehiagotan.
Horietako bat izango da Irutxuloko Hitza. Zenbait astez erredakzioan itzultzaile neuronala erabiltzeko irizpide berriekin esperimentatuko dugu, proiektu honetako informazio bilketan parte hartuz. Asmoa da etorkizunean itzultzaile neuronalak eta beste hizkuntza-teknologiek euskararen egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eraginari aurre hartzea eta tresna hauek erabiltzeko irizpide mesedegarriak diseinatzea. 2024ko udazkenerako egingo dira publiko proiektuaren emaitzak. Irutxuloko Hitzak gogoz egingo du ekarpena Itzulinguru proiektuan, euskararen sustapen eta zabalkundean dugun konpromisoa berretsiz.