'Zenbat dakizu Korrikari buruz?' jokoaren emaitzak eta zozketaren irabazleak
Irutxuloko Hitzak 22. Korrika dela eta, 'Zenbat dakizu Korrikari buruz?' jokoa abiarazi zuen martxoaren 31n. Korrikaren historiaren inguruko eta Korrikak Donostian urteetan zehar izandako esperientzien eta pasadizoen inguruko 8 galdera erantzutean datza jokoa
Parte hartzaile guztien artean Errigorako saski bat zozkatu da. Parte hartzaileen artean Hitzakide diren horientzat zozketa propioa egin da ere, non Boga garagardoaren sorta bat eta fabrika bisitatzeko eta bertan garagardo dastaketa egiteko bonoa zozkatu den.
Zozketaren irabazleak Haizea Solagurenbeaskoa eta Jose Angel Fernandez de Andres Hitzakidea izan dira.
Jokoan parte hartzeko epea amaitu da eta hemen dituzue jokoaren galderen erantzunak. Hurrenera arte!
1. Noiz amaitu zen lehen aldiz Korrika Donostian?
Korrikaren 2.edizioa 1982ko maiatzaren 22an Iruñean hasi, eta maiatzaren 30ean Donostian amaitu zen. Hasiera zaila izan zuen Korrikak, izan ere, Nafarroako gobernadore zibilak ez baitzuen baimenik eman KORRIKAK Nafarroan lekua izan zezan. Azkenean, amore eman eta baimendu zuen.
Donostiara itzulita, Korrika Donostiara 4 orduko atzerapenarekin sartu zen. Ondorioz, Realeko hainbat jokalarik ezin izan zuten haien kilometroa egin. Mirandes taldearen aurkako partida jokatu behar zuten eta beraz, Lopez Ufarte, Kortbarria, Gajatek, Otxotorenak eta Biurrunek partidara alde egin behar izan zuten Korrikan parte hartu gabe. Orduz geroztik, Korrika lau aldiz amaitu da Donostian eta aurten 5.a izan da!
2. Zein izan zen 11. Korrikako Leloa? Amaitu esaldia:
Korrikaren 11. Edizioa 1999ko martxoaren 19an hasi zen Iruñean eta martxoaren 28an amaitu zen Donostian ‘Bat eta bat hamaika. Zu eta ni euskaraz’ lelopean. Ramon Labaienek idatzi zuen lekukoaren barruko mezua, eta hark eraman zuen azken kilometroan. Berezitasun moduan, urte hartan 11 pertsona omendu zituen Korrikak:
- Pedro Migel Etxenike, euskal zientziak behar duen lekua aldarrikatzeagatik.
- Jose Ramon Etxeberria, Euskal Herriko Unibertsitatean fisika euskaraz irakasteagatik.
- Jose Angel Iribar,euskararen erabilera sustatzeagatik kirol-munduan.
- Maitena Araguas, Mauleko gau-eskolako irakasle zuberotarra, helduak euskaraz alfabetatzeagatik
- Argiñe Iturregi Sestaoko irakasle eta gurasoa, lan-arloan euskaraz aritzeagatik
- Gasteizko Mendia optika
- Elgoibarko Etxepare enpresa
- Laudioko ikastolaren sortzaile-taldea
- Arantza herria, Nafarroa Garaian, euskaraz bizi diren herrien ordezkari gisa.
- Euskalerria Irratia, Nafarroan euskaraz igortzeagatik.
- Ipar Euskal Herriko Maiatz taldea, euskal literatura zabaltzekotan egin eta egiten duen ahaleginarengatik.
3. 1999. urtean Korrika atzerrira atera zen! Munduko zein hiritan izan zuen kilometroa Korrikak?
11. Korrikan Bartzelonako eta Londreseko euskal etxeek bere Korrikako kilometroa egin zuten bakoitzak bere hirian. Urte hartan Korrikak Euskal Herritik kanporako saltoa eman zuen!
Gaur egun, Euskal Herrian zehar egiten diren kilometroez gain, badira Korrrika munduan zehar zabaltzen duten euskaltzaleak. Hala, kontinente guztietan Euskal Herrian egiten den edizioarekin lotutako ekimenak: Sidneyn, Shanghain, Mendebaldeko Saharan, Berlinen, Bartzelonan, Mexikon, Helsinkin, Valentzian eta Medellinen, besteak beste.
4. Urtean Korrika laugarren aldiz Donostian amaitu zen. Nork egin zen edizio horretako abestia?Hauxe izan zen edizio horretako abestia:
Gose talde arrasatearrak konposatu eta abestu zuen 17. Korrikaren abestia: Pausoz pauso.
Pausoz pauso, gelditu barik
pausoz pauso, maitatu, ari…
pausoz pauso, euskalakari!
5. Amaitu ezazu 17. Korrikaren leloa: __________, Euskalakari
Korrikaren 17. edizioa 2011ko apirilaren 7an hasi zen Trebiñun, eta, 2.507 km egin eta gero, apirilaren 17an amaitu zen Donostian, “Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari” lelopean. Lekuko barruko mezuari dagokionez, Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek, ETB1eko Mihiluze saioko aurkezleek, irakurri zuten, Donostiako Bulebarrean bildu zen jendetzaren aurrean.
Edizio honetako “Euskalakari” kontzeptuak arrakasta nabaria izan zuen. Horrela esaten zaio euskara maite duenari, ikasten eta erabiltzen duenari.
6. Non dago Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen Korrikako lehen lekukoa?
Testigua edo lekukoa, eskuz esku doan makila Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980. urtean. 1988 arte pieza hau ibili zen Euskal Herrian barrena. 1988az geroztik, Juan Gorriti eskultoreak eginiko kopia da herriz herri dabilena. Remigio Mendiburu artistak diseinatu eta egin zuen 1980. urtean. 1988 arte pieza hau ibili zen Korrikan. Remigio Mendibururen artelana, 1980ko Korrikaren lekukoa alegia, Donostiako San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorrean dago ikusgai, “modernitatearen hasiera” deritzon atalean.
Euskarazko kulturarekin harreman sakona izan zuen, eta horren adibidea da Korrikaren lekukoa 1980an berak diseinatu eta sortu zuela.
Modu berezia zuen bai materialaren bidez adierazteko, eta bai eskulturaren ideia sormen-prozesuko egitura tentsioen emaitza gisa zehazteko, eta, horri esker, bere lana modernitatearen azken garapenaren barruan kokatzeko hizkuntza propioa sortu ahal izan zuen. Mendiburu bere garaiko konbentzio formaletik urrundu zen. Naturaren eta kulturaren arteko gatazka ezkutua erakusten dute bere eskulturek. Erreferentea izan zen bere garaiko artearen eraldaketan.
7. Edizio hauetatik zein amaitu zen Donostian?
KORRIKAren 6. edizioa 1989ko apirilaren 14an Iruñean hasi, eta apirilaren 23an Donostian amaitu zen “Euskara Korrika eta kitto, Euskal Herriak AEK” lelopean.
Fermin Lazkanok irakurri zuen lekukoaren mezua. Urte hartan, Xanti eta Maiderrek markatu zuten erritmoa, “Gu AEK-koak gara” abestiarekin. Omendua Joxe Migel Barandiaran antropologo, etnografo eta apaiza izan zen. Barandiaran estimatua da, besteak beste, ordura arte belaunaldiz belaunaldi ahozkotasunaren bitartez transmititu zen euskal ondarea biltzeagatik, galdetzear zegoela. AEK-k hitzaldi-sorta antolatu zuen antropologoaren inguruan, Ipar zein Hego Euskal Herriko hainbat aretotan.
Euskararen aldeko lasterketaren 6. edizioan, lehen aldiz 500 kultura ekitaldi baino gehiago egin ziren! Denetarik egon zen: dantzaldiak, musika-kontzertuak, herri-afariak, kale-animazioa, antzerki- edota zinema-emanaldiak, bertso saioak, txistulariak, dantza-taldeen agerraldiak, estropadak…
8. Nor omendu da aurtengo Korrikan?
Pirritx, Porrotx eta Marimotots (Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez) pailazo-hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian, eta gaur egun Euskal Herriko pailazorik ezagunenak eta arrakastatsuenak dira.
Zergatik omendu Pirritx, Porrotx eta Marimotots? 34 urteko ibilbidea egin dutelako euskal munduan, eta, are garrantzitsuago, euskaraz; eta eragileak direlako, orainaldiari eta etorkizunari begira daudenak. 1987an EKIN zioten, haiei esker askok EKIN diogu, eta datozen belaunaldiek ere EKINgo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren HITZEKIN, euskarari EKIN zioten, eta eutsi egin diote.
Euskara ez zutenean, euskara ikasteari edota hobetzeari EKIN zioten, eta, orduz geroztik, euskara ahoan ibili dute 34 urte hauetan. Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten.
Beren komunikazio-tresna HITZEKIN osatu dute, ekimen eraikitzailea eta normalizazioaren adibide da haiena. Beren ikuskizun eta kanten bidez, egin, eginarazi eta eragin dute.