Nire egoera juridikoaz | Gurutz Agirresaroberen gutuna
Moron, 2018ko azaroak 21 Aupa zuek! Gaurkoan nire nahia zuei nire egoera juridikoa zein den esplikatzea da, egoera juridikoa diodanean nire epaiketarekin zerikusia duenaz eta kartzelan bertan dudan egoera juridikoaz (gaur egun nire eskaera ezberdinekin irekiak ditudan bide juridikoak) ari naiz. Epaiarena motz-motz kontatuko dizuet, 32 urtera kondenatua nago, horietatik 30 urte bete beharrekoak, maximo […]
Moron, 2018ko azaroak 21
Aupa zuek!
Gaurkoan nire nahia zuei nire egoera juridikoa zein den esplikatzea da, egoera juridikoa diodanean nire epaiketarekin zerikusia duenaz eta kartzelan bertan dudan egoera juridikoaz (gaur egun nire eskaera ezberdinekin irekiak ditudan bide juridikoak) ari naiz.
Epaiarena motz-motz kontatuko dizuet, 32 urtera kondenatua nago, horietatik 30 urte bete beharrekoak, maximo bezala hori baitzegoen ezarria. Gaur egun legediak 40 urtera arte igo du maximo hau.
Kartzela zigorraz gain 600.000 euroko errespontsabilitate zibila ordaindu beharra daukat.
Epai honi helegiteak jarri nizkion, Espainiako TS eta konstituzionalean eta han epaia berretsi zuten, Estrasburgora ere egin nuen helegitea eta han ez zuten tramitera onartu, honek esan nahi du epaia dena dela eta helegitearen bidea bukatutzat ematen dela.
Kartzelan nagoenetik lehen gradua aplikatzen didate eta isolamenduko modulu batean naukate preso, etxetik 1000 km-ra dagoen Sevilla II espetxean. Dagoeneko 8 urte pasa ditut egoera honetan.
Kolektiboak berak egoera berria kontutan hartuta Espainiako legediak markatzen dituen bideak jorratzearen erabakia hartua du, hau esan behar da preso bakoitzaren erabaki dela, bide judizialak erabili edo ez, kontutan hartu behar da bide judizial hauek indibidualki jorratu behar direla eta hor dagoela salto kualitatibo garrantzitsuena.
Pertsonalki argi daukat bide hauek jorratu behar ditugula, gaur egun kokatzen garen egoera eta kaletik eskatzen zaiguna kontutan hartuta horixe da pentsatzen dudana eta erabaki dudana.
Esan beharra daukat askotan kontradikzio festa horretan horixe izan dela nire autua labur-labur esanda, mila ñabardura egingo nituzke.
Oraintxe bi eskaera nagusi jorratzen ari naiz bide hauetatik: Euskal Herriratze eskaera eta 2. graduaren eskaera.
Euskal Herriratze eskaera nondik nora joan den esplikatuko dizuet, eta ideia bat egingo duzue zer traba izaten ditugun, beraiek orain arte exijitutako bideak jorratzeko momentuan.
Gure kasuan Euskal Herriratzea eskatzeko lehen pausoa kartzela berari eskatzea da, bi hilabeteri pasatzen gara “junta de tratamiento”-tik eta bertan eskatu behar da.
Nik duela hiru urte gutxi gora behera eskatu nuen, han erantzunik ez nuen jaso eta hau “silencio administrativo” bezala onartzen da eta ezezkoa bezala onartzen da.
Bigarren pausua JCUP-ari kexa sartzea izan zen, gure kasuan AN-era zuzendu beharrekoa, ia 7 hilabete esperoan egon ondoren erantzunik ez nuela jaso eta epaitegira zuzendu nintzen nire kexaz galdetuz, erantzuna han ez zutela jaso izan zen, nik ziurtagiri guztiak izan arren kartzelak kexa desagerrarazi zuen, horrek suposatzen zuen prozesu guztia berriro hasi behar izatea.
Kontu honekin, kexaren desagertzearekin beste kexa bat jarri nuen, ezerezean gelditu dena, nahiz eta demostratua gelditu kexa bidalia nuela.
Hortaz, berriro ere zerotik hasi beharra izan genuen, eta eta oraingoan pausu bat gehiago gehituz, estatuak beraien “ingeniaria judiziala” martxan jarri baitzuen.
Beraz, lehen pausua kartzelari eskatu, eta oraingoan Madrilera, “Centro Directivo”-ra., IIPP-era helegitea, honek ere ezetza eta hirugarren pausua JCUP-era, hemen ere ezetza jaso eta AN-ko lehen salara jo genuen helegite berri batekin, eta hemen ere erantzun berdina jaso eta gero, konstituzionalera jo genuen, hemen gure giza eskubideak ez zirela urratzen eta tramitera ere ez zuten onartu gure kexa.
Hemendik Estrasburgora joateko aukera dugu, 6 hilabeteko epea dugularik helegitea jartzeko, 2018 urte bukaeran bukatzen zaiguna.
Azken unean ordea, duda handiak sartu zaizkigu momentu honetan komenigarria den helegitea Estrasburgoko epaitegian jartzea.
Epaitegi honek azken egunean hartutako epaiak kontuan hartuta, epaile berriak daude bertan, tartean donostiarra den epaile faxista eta azkeneko mugimenduetan nabaria da bertan epaile honek duen eragina.
Politikoki eta sozialki gure Euskal Herriratzea onartua eta irabazia dagoen honetan Europan kontrako epai bat hartzea oso gogorra izango zen eta horrexegatik dudak, normalak diren dudak, kontutan hartuta nolako kiratsa hartu duen epaitegi honek.
Esan beharra dago kontua aztertzen ari garela eta erabakia ez dagoela hartua.
Helegitea ez egiteko erabakia hartuz gero, hurrengo saiakeran berriro ere hasieratik hartu beharko litzateke prozesu guztia.
Argi geratu zaidana pertsonalki da, beraiek exijitzen zuten eskaera indibidualaren jorratzea oztopatzea dela beraien hautua, horretarako trikimailu guztiak erabiliz, ez erantzun, kexak desagerrarazi, epeak muturreraino eraman… denetarik pasa zaigu bide luze honetan puntu honetara iritsi arte.
Garrantzitsuena agian bukaerarako utzi dut, preso bakoitzak bere Euskal Herriratzea indar gehien izan dezakeen argudioekin lantzen du, izan gaixo dagoelako, adinekoak direlako… abokatuak kasu nabarmenenak hartu eta gutxi batzuenak landu dituzte bideari tamaina hartzeko eta “lorgarrienak” lantzeko.
Nire kasuan semeen argudioa landuta izan da, partikularki gure kasuan lan izugarria eginda zegoen eta inguruak ere lagundu du. Ingurua esaten dudanean, semearen ikastolak, irakasleak, udaletxeko asistentzia sozialak, psikologoek, Hernaniko udalak… txosten ezberdinak batu ditu nire emazteak eta abokatuekin batera helegitea bera prestatu, esan bezala haurren, semeen argudioari indarra emanez.
Kalean motxiladun haurren kanpainarekin argi ikusi zen kaleak argi zuela bizi dugun injustizia eta batez ere gure familiek, gure semeek bizi duten injustizia.
Baina argi izan behar dugu nahiz eta beraiek exijitzen zuten bide indibidualak jorratu, erantzuna berdina dela, hau da, dispertsioa mantentzea, eta beraien mendeku politikarekin jarraitzea.
Argi gelditzen da euskal jendartearen presio gabe eta borrokarik gabe ez dela mugimendurik izatea lortuko, bide hauek jorratzeak kalearen aktibaziorik gabe ez digula onurarik edo gure eskubideen errespetatzerik ekarriko.
Beraz, hemendik, Sevilla II-ko zulo honetatik, bakoitzak ahal duen moduan arazoa transmititu eta orokorrean borrokatzera animatzen zaituztet.
Kasu honetan, gure senitarteko eta lagunek ez dutelako merezi egoera hau sufritzen jarraitzerik.
Gaurkoz nahiko, hurrena graduaren progresio eskaera esplikatze saiatuko naiz. Besterik gabe, zaindu eta bizi biziki.
GORA GU TA GUTARRAK, REDIOSS!!!
Gurutz Agirresarobe Pagola.
C.P. Sevilla II
41530 Morón de la Frontera
SEVILLA