Kirolean Osasunez: eskola kiroleko prebentzio eta sentsibilizazio materialak, euskaraz
Kirolean Osasunez egitasmoari esker, haur eta nerabeekin lan egiten duten begiraleek euskarazko formakuntza material didaktikoak izango dituzte.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, Kirolean Osasunez egitasmoa jarri du abian, Athlon Kooperatiba Elkartearekin elkarlanean. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.
Proiektuaren helburua, eskola kiroleko euskarazko materialak eskaintzea da, batez ere haur zein nerabeekin lan egiten duten begiraleei zuzendurikoak. Jorratzen diren gaiak, kirol prebentzioari eta osasunari lotutakoak dira eta lau modulutan banatzen dira. Modulu horietan, elikadura ohitura egokien garrantzia, eskola kirola eta inklusioa eta osasun emozionala lantzen dira, besteak beste. Izan ere, aipatutako gaiak oso garrantzitsuak dira eskola kirolean aritzen diren haur zein nerabeen garapen prozesuan, baina ez dira orokorrean behar adina lantzen.
Eduki horiek guztiak online eta doan dituzte kirol begiraleek, proiektuarentzat sorturiko webgunean. Bertan, ikus-entzunezko materialak, gidak eta autoebaluazio galdetegiak aurkituko dituzte, aipatutako gaiak euskaraz eta modu egoki eta entretenigarrian barneratzeko.
Kirolean Osasunez proiektuaren webgunea guztiontzat dago eskuragarri honako helbidean: https://kiroleanosasunez.asmoz.org