Ane Zufiaurre Seijo ilustratzailea aukeratu da pilotaren inguruan arte digitala egiteko
Ane Zufiaurre Seijo ilustratzaile irundarra aukeratu da pilotaren inguruan arte digitala sortzeko. Izan ere, Asmoz Fundazioa Jaime de los Ríos artistarekin eta Bakarts enpresarekin batera, proiektu bat garatzen ari da kirol tradizionalaren inguruan ilustrazioak egiteko, eta ondoren, horiek NFT bihurtuta, gazteen artean saltzeko. Helburu du artearekiko eta pilotarekiko interesa piztea 18-30 urte bitartekoen artean.
Horretarako, urriaren hasieran, deialdi bat ireki zuten artista bat topatzeko, hain zuzen. Erabakitzeko prozesua ez da erraza izan parte hartzaileek kalitatezko portfolioak bidali baitituzte, baina azkenean, Zufiaurreren aldeko hautua egin da. Beraz, hilabete hauetan irundarra proiektuko eragileekin arituko da elkarlanean, adierazitako ilustrazio horiek ontzeko.
Eusko Token
Honek guztiak aurrekaria, izan, badu. Urte honen hasieran, Eusko Token izeneko egitasmoa burutu zuten hiru eragileek, hau da, Asmoz Fundazioak, Jaime de los Ríos artistak eta Bakarts enpresak. Oinarri zuen gazteei arterako bidea irekitzeko xedea. Garai hartan, moldatu nahi zen diziplina bertsolaritza izan zen, ahozko adierazpidea. Oraingo honetan, asmo berari helduta, pilota hartu da lanerako gaitzat eta horri esker, Eusko Tokenen barruko bigarren atala martxan abian da: Pilota Fandom.