Antxeta elkartea, 50 urtez auzoan eragiten
Ander Anza eta Xabier Urbeltz, Antxeta elkarteko zuzendaritzako kideak
Xabier Urbeltz eta Ander Anza, Antxeta elkarteko lehendakaria eta lehendakariordea dira. Aurten, Zipotz Jaietako txupinazoan, pregoia irakurri ondoren elkarte hau sarituko da eta arrazoi honengatik egin genien elkarrizketa Urbeltzi eta Anzari.
Zer da Antxeta, zer egiten duzue bertan?
Xabier Urbeltz: Antxeta elkarte gisa duela 50 urte sortu zen. Helburua, auzoko jende ezberdina biltzea izan zen, eta modu honetan, elkarrekin egoteko espazio bat izatea. Garai horretan Sagues oso ezberdina zen, auzo marjinala zela esan daiteke. Arratoiez betea, ura kutsatua zegoela esaten zen… Hiriko erdigunetik inor ez zen hona etortzen, ospe txarra zuen. Argi ikusten genuen, bertan bizi ginenok espazio bat behar genuela, bilerak egiteko, gauzak antolatzeko eta abar. Honela, 1967an sortu zen Antxeta. Hasieran, elkarte gastronomikoa ezin zen izan, ez genituelako horretarako baldintzak betetzen, eta beraz arrantzarekin hasi ginen, arrantza elkarte bezala. Aurrerago, areto futbola eduki genuen, mendi taldeak antolatu genituen, esku pilota taldea genuen eta euskara ere irakasten zen. 1985ean danborrada atera genuen baita ere. Musean ere txapeldunak izan gara, elkarteen arteko lehiaketan lehen saria irabazi genuelarik.
Ander Anza: Orain batez ere bazkariak eta afariak egiten ditugu, duela bost urte elkarte gastronomikoa izatea lortu genuen eta. Gainontzeko elkarteekin ere egin dugu gure sarea eta lanketa ezberdinak egin ditugu. Adibidez, hemen egin nahi zituzten hotelen aurka egin dugu lan elkarrekin, egin nahi zen aparkalekuaren aurka baita ere. Hau da, sortu diren arazo ezberdinen aurrean elkartu egin gara eta lanketa ezberdinak egin ditugu. Auzoaren defentsa egin dugu. Sagueseko etxeak bota eta bost dorre eraikitzeko proposamena ere egon zen, baina kontrako mugimendua indartsua izan zen eta proiektu hau gelditu egin zen.
X.U. Gainera, esan beharra dago, elkarte hau egokitzen lan asko egin genuela, izan ere, lehenago ukuilu bat zen. Gertu matadero bat zegoen, arratoi asko egoten ziren… eta begira orain, auzo surflari moderno bilakatu da. Elkartea ere surflariz betea dago! Lehenago, esan bezala, ura kutsatuta zegoela zioten, auzoa zikina zegoen… eta begira orain, hemen gaude terraza batean eserita, itsasoari begira eta itsasoa surflariz beteta. Horrelako leku gutxi daude Donostian eta inguruetan! Gainera pozik gaude, elkartean gaur egun jende gazte asko dabilelako, horrek ilusio handia egiten digu, jarraituko duten belaunaldiak badaudela erakusten digulako.
Euskara irakasten zenutela esan duzue?
A.A. Ez dakit zein urtetan izan zen, baina bai, horretan hasi ginen. Bazegoen auzoan euskaraz ez zekien jendea eta haiei irakasten hasi ginen. Elkarteko kide batek, nahiz eta bera irakaslea ez izan, lan hau hartu zuen. Beraz, Antxetak zerbitzu hau ere eskaini zion auzoari. Gerora galdu egin zen, betiko eragozpenak direla eta; baliabide falta.
Zenbat bazkide ditu Antxetak?
A.A. 100 inguru.
X.U. Elkartea gauza askotarako erabiltzen dela esan daiteke. Gehien egiten dena, bazkariak eta afariak dira, baina lehen esan dugun bezala, era guztietako ekitaldiak antolatzen ditugu eta gauza ezberdinetarako biltzen gara bertan.
Emakumezkoak bazkideak izan daitezke?
A.A. Ez, gizonezkoak bakarrik. Hori aldatzeko lan egiten ari gara. Helduenak direnak ez daude ados, baina pixkanaka lortuko dugu. Lehen ezin ziren sartu ere egin eta orain bai. Gauzak aldatzen joango dira.
Sagueseko jaiak antolatzen zenituzten lehen Antxetako kideek?
A.A. eta X.U. Bai, eta baita lehengo inauteriak ere. Sagueseko jaiak oso zaharrak dira, Zipotz Jaiak baina lehenagokoak.
X.U. Ni gaztea nintzenean Sagueseko jaiak oso indartsuak ziren. Amara Zaharreko jaien pare zeuden garai haietan.
Noiz utzi zenioten jai hauek egiteari, eta zergatik hartu zenuten erabaki hau?
X.U. Azkenekoz 2004ean egin genituen.
A.A. Beti berdinak ari ginen jaiak antolatzen eta aspertu egin ginen. Ez zegoen jarraituko zuen generaziorik. Gazteak ginela hasi ginen jaiak antolatzen, 16-17 urte genituela eta 40tik gora urte genituenerako nazkatu ginen, betikoak lanean aritzeaz, ondorengorik ez genuen. Gainera ideia berritzaileak ere ez genituen, betikoak betikoa egiten…
Pozik gaude aurten antolatuko direlako eta talde bat sortuko balitz, agian datorren urtean egiten jarraituko dutelako. Baina pertsona batek lana hartzen badu edo gutxi batzuk, zaila ikusten dugu antolatzen jarraitzea, jende gutxirentzat lan asko baita.
Beraz, aurten Sagueseko Jaiak izango ditugu berriro ere?
X.U. Bai, elkarteko kide diren gazte batzuk animatu dira antolatzera, 50. urteurrena denez, aitzakia hau hartu dute eta animatu egin dira. Agian datozen urteetan jarraituko dutela diote, baino ez dakigu, printzipioz aurtengoak, ekainaren 20tik 25era izango dira.
A.A. Buruhandiak eta erraldoiak egongo dira, kontzertuak, tortilla lehiaketa, pailazoak, txaranga, zinea, surfa, Donostia Kantuz, Iruñetik ere erraldoiak etorriko dira (ez ospetsuak direnak, beste batzuk), afariak, bazkariak… jai-jaiak izango dira aurtengoan eta denetarik egongo da.
Noiz ezagutuko dugu egitaraua?
A.A. Igandean daukagu bilera egitaraua amaitzeko, beraz laster argitaratuko dugu.
Zipotz jaietan, festen hasierako txupinazoan ematen den pregoian saria emango zaizue, zer suposatzen du honek Antxetarentzat?
X.U. Ohore bat da behintzat norbait gutaz akordatzea. Ez dakigu ze meritu egin dugun, baina asko eskertzen dugu. Auzoagatik zerbait egin duen elkarte edo pertsonak omentzen dira, eta gu horregatik omentzen gaituzuela entzuteak, hunkitu egiten gaitu.
Zipotz jaietan parte hartzen duzue?
A.A. eta X.U. Bai noski.
A.A. Guk eduki genituen erraldoiak Zipotz jaietarako eman genituen. Gaur egun, Zipotz jaietan erraldoi berriak daude, baina lehenagokoak guk emanak dira. Buruhandiak ere eman genizkien bere garaian. San Tomas egunean postua jartzen dugu Txofre plazan. Urtero etortzen dira baita ere, Zipotz Jaietako bi ordezkari gure elkartera bazkaltzera. Beraz, ikus daitekeen bezala, harreman ona dugu.
Zipotz jaietan zer egitea gustatzen zaizue?
A.A. Beti ikusten ditugu erraldoiak, trikipoteoak, txarangak… Kontzertuak kaineroegiak dira guretzat, eta helduentzat prestatua dagoen musika, berriz, mantsoegia iruditzen zaigu. Beraz, tabernaz taberna egoten gara poteoan, txaranga eta erraldoiak ikusten.